Komunikazioa. Ekografiak

Erabili eta bota

Jokin Labaien.
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Dagoeneko atzean utzi ditu Lady Gaga eta Barack Obama. Sarean bera da ospetsuena. Prentsan ere, denbora gutxian hamaika aldiz azaldu da haren izena: Charlie Sheen. Duela gutxi arrakastaren aparretan bizi zenTwo and a half men telesailaren protagonista. Haren lan onari esker, 1,3 milioi euro jasotzen zituen atal bakoitzeko. Batez beste, 15 milioi ikus-entzule baitzituen astero. Ez zen dena hain ederra izango, ordea. Duela hilabete pare bat, egun batetik bestera, zuria beltz bihurtu baitzen. Kokaina, alkohola eta sexua abizenak jarri zizkioten bere izena zuen eskandaluari. Telesailaren grabaketa eten egin zuten, errehabilitazioa behar zuela eta. Handik gutxira, osasuntsu zegoela zabaldu zuten. Hasi omen ziren grabaketak. Eta denboraldi berriari merezi bezalako propaganda egite aldera, elkarrizketak ematen hasi zen. Horietako batean, prime time-an, telesaileko arduradunetako baten aurkako adierazpen gordinak egin zituen. Azkar iritsi zen erantzuna: saioa behin betiko eten zuten. Baina auzia ez da hor amaitu. Aktoreak auzitara eraman du ekoizlea, 100 milioi dolarreko ordaina eskatuz. Gainera, haren ibilbidea kudeatuko duen bekaduna aurkitzeko lan deialdia egin du, eta 73.000 hautagai erantzunaren zain daude. Eta bukatzeko, iragan astean, laguntza eskatu du. Burua galtzen ari dela onartu eta bere egoera tamalgarria islatzen duen bideo bat sareratu du.

Ez naiz Charlie Sheen epaitzen hasiko. Ez dut nahikoa ezagupen. Interesgarriagoa iruditzen zait arrakastak puztu eta ohartzerako kontrolik gabe dagoen horrek gugan duen eragina. Finean gaixo dagoen pertsona iruditu beharrean, erakargarri egiten zaigu. Morboa da eragiten diguna. Inondik inora ez genuke haren larruan egon nahi, baina gustatu egiten zaigu norbere buruaren suntsiketa amaigabearen gurpil eroa. Horrelakoak gara gutako batzuk. Beste gehienek bai, hartuko lukete haren bidea. Garrantzia atal bakoitzaren truke jasotako diruari emango diote. Edo aurki epaitegietan patrikaratu dezakeen zenbaki zentzugabeari. Kameren fokua amestuz. Titular handiak. Pentsatu ere ez, diru horrek eragin diola burua galtzea. Gaixotu egingo direla haiek ere.

Guztiok sortzen ditugu halako munstroak. Gidoigileek —ikus-entzunezkoen hariak mugitzen dituztenak— eta zaleek —hariak izan edo harien eromenaz gozatzen dugunok—. Erabili eta botatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.