Moda eta diseinuko ikasketak egin zituen Itsaso del Reyk (Arrasate, Gipuzkoa, 1980). Orain, ikasitakoa praktikan jartzen etabesteei erakusten dabil. Kustomizazio ikastaroa emango du urriaren 13tik abenduaren 1era, Arrasateko Kulturaten (Gipuzkoa). Oraindik zabalik dago epea parte hartu nahi duen guztiarentzat; 943-25 20 65 telefono zenbakira deituta edo [email protected] helbidean eman daiteke izena.
Zer da kustomizazioa?
Jantziak birziklatu eta berrerabiltzea da. Denok dauzkagu etxean erabiltzen ez ditugun jantziak, eta ikastaro honen bitartez, erabilera berria eman nahi diegu arropa horiei.
Zein jende motak parte hartzen du?
Lehenengo aldia da kustomizazio ikastaroa egiten duguna, baina suposatzen dut gazteak izango direla gehienak. Astean behin izango da; asteazkenero pare bat orduz ariko gara lanean.
Josten jakitea beharrezkoa da?
Ezagutza minimo bat izatea beharrezkoa da; zenbat eta gehiago jakin, orduan eta hobeto. Dena den, ez da inolako jakintza mailarik eskatzen, edonork parte har dezake.
Zer moduz moldatzen da jendea?
Askok pentsatzen dute ezingo dutela egin, baina, azkenean, pozik joaten dira ikastaroa amaitzen denean. Gainera, zenbait ikastarok zailtasun handiagoa dute, gehiago jakitea eskatzen dute. Baserritar jantziak egiten ikasteko eman nuen ikastaroan, esaterako, josteko makinak erabili genituen. Horrek beste ezagutza bat izatea eskatzen du.
Zein jantziekin egingo duzue lan?
Askotariko jantziekin lan egingo dugu. Eurek ekarriko dituzte berdiseinatu nahi dituzten jantziak; erabiltzen ez ditugun horiek berrerabiltzeko aukera da.Galtzekin poltsa bat egin, kamisetak moldatu... bakoitzak nahi duena egingo du.
Zein da ikastaroaren helburua?
Norberaren sormena eta irudimenaren bitartez birziklatzea. Birziklatzea eta erabili gabe genituen gauzak berreskuratzea.
Ikastaroa beste herri batzuetara eramateko asmorik ba al dago?
Oraingoz Arrasaten egingo dugu. Honek zer-nolako arrakasta duen ikusi beharko da.
«Erabiltzen ez ditugun jantziak birziklatu eta berrerabiltzea da helburua»
Kustomizazioaren inguruko ikastaroa emango du Itsaso del Reyk Arrasaten (Gipuzkoa). Jantziak birdiseinatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek datorren astetik abenduaren 1era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu