Stefan Szymanski (Nigeria, 1960) ekonomialaria da, kirolaren inguruan aditua, eta Erresuma Batuko hedabideen iritziemaile kuttuna. Azken hilabeteotan, Michigango Unibertsitatean (AEB) ari da kirol kudeaketa ikertzeko zentro bat sortzen. Futbola eta ekonomia mahai inguruan parte hartuko du gaur, 19:00etan, BBK aretoan, Bilbon, Jose Maria Gay de Liebana eta Joaquin Almuniarekin.
Gaurko ekonomia krisia eta futbol taldeen zorraren arazoa gauza bera direla diozu. Zergatik?
Funtsean, berdina da bankuen sisteman eta gobernuen zorrarekin dugun arazoa eta futbol taldeekin dagoena. Bankuek eta gobernuek badakite ezin dutela porrot egin, beraz, beti izango dute joera ahal baino gehiago gastatzeko. Badakite zorra barkatuko dietela, azkenean. Futbol taldeekin gauza bera gertatzen da: badakite euren komunitateentzat oso garrantzitsuak direla eta ez dietela utziko hondoratzen, eta ahal baino gehiago gastatzen dute. UEFAk hori gelditu nahi du, kluben gastu maila arautzeko. Galdera da: funtzionatuko ote du horrek praktikan?
Jakin berri dugu Gipuzkoako Foru Aldundiak 6,4 milioi euro barkatu zizkiola Realari. Bidezkoa al da batzuen zaletasuna denen zergekin ordaintzea?
Erakundeek badakite ez dutela inoiz eskuratuko euren dirua. Nire ustez, ezin dira halako barkamenak egin baldintza eta ondoriorik gabe. Bidezko era batean konpondu behar da, eman ez dezan taldeak legearen gainetik daudela. Zigorrik gabe dena barkatzen baduzu, zer arrazoi izango du talde batek akatsa berriz ez egiteko? Ingalaterran, zigorrak egon dira; puntuak kendu dizkiete taldeei. UEFAk taldeok txapelketatik kanporatzeko zigorrak ezarri nahi ditu. Baina zalantzan da Espainiako Futbol Federazioak halako neurriak onartuko ote lituzkeen. Hala egin beharko lukete, bestela bidegabekeria delako beste guztientzat.
Alemanian eta Frantzian, taldeek mugatua dute gastua. Hori al litzateke konponbidea?
Ez. Horrek beste arazo batzuk sortzen ditu; talde aberatsen mesederako eta txiroen kalterako da. Demagun Real Madrilek ez duela betetzen araua. UEFAk, ziurrenera, ez du nahi izango hura txapelketatik at uztea. Talde txikiagoa balitz, ordea, kanporatu egingo luke, gainontzeko europarrei ez litzaiekeelako horrenbeste axolako. Mugak jarri beharrean, nik kirol zigorrak ezarriko nituzke porrot egiten dutenentzat. Ogasun sailek eskatu beharko liekete taldeei aurretik ordaintzeko, edo funts bat eratzeko etorkizuneko zergei, isunei edo gizarte segurantzarekiko betebeharrei aurre egiteko.
Norainoko kontrola ezar daiteke?
Alde batetik, gauza ikaragarriak gertatzen ari dira Europako futbolean zorra dela-eta, baina, bestalde, inoiz baino hobeto dago: sekulako taldeak ditugu, eta munduko jokalaririk hoberenek hemen jokatu nahi dute. Kontuz ibili behar dugu gehiegi arautzearekin. Jokalariak nahi dituzte Txinan, Golkoan eta Brasilen. Begiratu zer gertatu zen 1 Formularekin: duela 15 urte Europako Batasunari ohartarazi zioten arau gehiegik lasterketak atzerrira eramango zituela. Orduan, Sari Nagusi ia guztiak Europan jokatzen ziren. Orain, erdiak baino gehiago kanpoan jokatzen dira, eta Europan inoiz baino gutxiago. Gehiegikeriak zigortzeko, arauak behar ditugu, baina ez Europako taldeen gogoa edo lehiakortasuna murrizteko modukoak.
Stefan Szymanski. Kirol ekonomialaria
«Erakundeek ezin diete futbol taldeei baldintza eta ondoriorik gabe barkatu»
Futbol taldeen zorraren arazoari aurre egin behar zaio, baina nola arautu gaia Europako taldeen mailari kalte egin gabe? Galdera horri erantzungo dio Erresuma Batuko adituak gaur, Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu