Erakusketen erakusleihoa, zabalik

Expodistrito ekimenaren barruan, sei erakusketa txandakatuko dituzte Bilboko hainbat auzotan. Margo, argazki zein ikus-entzunezko artelanak egongo dira ikusgai martxoa arte.

Maria Elisa Zorriketaren lanetako bat: Tulipak. EXPODISTRIT0.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Artea ez dago merkealdian arropa bezala,baina modan bai. Bilboko Udaltegiak ere bihurtu dira horren erakusleiho. Izan ere, Bilboko Udalak Expodistrito ekimena abiatu du, eta martxoaren 31 arte, sei erakusketa txandakatuko ditu Barrainkua, San Inazio-Ibarrekolanda, Otxarkoaga, Begoña, San Frantzisko, Castaños eta Burtsa- Ibaoindo auzoetakoa udaltegietan.

Horietatik lau argazkiz osatuta daude. Gainontzeko biak margolanak eta musikan oinarritutako bideo instalazioak dituzte. Egileen artean, euskal herritarrak zein atzerritarrak daude. Umida Akhmendova uzbekistandarrak, esaterako, Emakumea eta gizona, egunsentitik ilunabarrera irudi bilduma izango du ikusgai San Inazioko Udaltegian urtarrilaren 28a bitarte.

Bilduma horretan Uzbekistango gizon, emakume eta umeen eguneroko jarduerak azaltzen ditu. Hain zuzen ere, arrazoi horregatik, Uzbekistango agintariek, herrialdeko ohiturak iraintzen zirela argudiatuta, auzitara eraman dute Akhmendova. Argazkilaria kondenatuta dago, nazio uzbekistandarra iraintzeagatik eta difamatzeagatik.

Antolatzaileen arabera, Uzbekistango pertsona baten arte adierazpenari jazarri zaion lehen aldia da. Hargatik, Zentsura At!,Bilbon zentsuraren zurkako bosgarrenez antolatuko duten jaialdia, beste gauza batzuen artean, bilduma honen erakusleiho bilakatuko dute.

Expodistrito Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak urtero martxan jartzen duen programa bat da, eta artea hirira eraman nahi du horren bidez. Horretarako, artista gazteen lanak hirian hedatzen dituzte, jada ezagunak diren beste batzuenekin auzoetan tartekatuz.

Artea, lilura

Arte oro denentzat liluragarri ez den arren, bada begirada liluratzen duen arterik. Maria Elisa Zorriketa da horren adierazleetako bat. Begirada, sentsazioak lanaren bitartez, Barrainkua Udaltegian adierazi ditu atsegin zaizkion gaiak: hiria, arkitektura, loreak… Alegia, kolore, forma eta egituren arteko nahasketaren emaitza.

Bestalde, Begoña auzoan, Bilbok azken 50 urteetan izan duen bilakaera ikus daiteke. Izan ere, Pagasarri mendiaren magalean gordetako auzoen argazkiei aireko ikuspegia gehitu diete.

Era berean, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak bideratutako Distrito Foto argazki lehiaketan saritutako argazkiak jarri dituzte Castañosgizarte etxean. San Frantzisko auzoan ere izango da gozatzeko aukerarik, urtarrilaren 17an sariketako argazkirik onenak hara eramango baitituzte.

Artea musikaz eta pintzelez ere margotzen da. Horren adibide dira Carlos Tomas eta Josu Aranbarriren artelanak. Carlos Tomas margolariak Bideak obra aurkeztu du Bilboko Udalaren Begoñako eraikinean. Josu Aranbarrik, berriz, Gabeko kalapitxixak Piztiak taldeak 2009an argitaratutako diskoaren kantuetan inspiratutako marrazkiak, margolanak, argazkiak eta bideo instalazioak bildu ditu izen bereko erakusketan. Besteak beste, Josu Eizagirre, Txomin eta Kirmen Uriberekin batera grabatutako hitzekin plazaratu du. Urtarrilaren 31tik otsailaren 11ra egongo da ikusgai, San Frantzisko auzoan.

Artez janzteko bisitatu beharreko erakusleiho dira erakusketa guztiak. Esate baterako, merkealdian ustez aurreztutako sosak xahutzeko beharrik gabe gozamena etxeratu nahi dutenentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.