Erakusleihoak menderatzen

Duela hamalau urtetik hona euskarazko produktuak biltzen eta zabaltzen ari da Euskarazko Produktuen Katalogoa, kalitatea oinarri hartuta.

Euskarazko produktu ugari dago gaur egun aukeran. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Panpina batekin edozein hizkuntzatan jolastu badaiteke ere, badira euskara hutsean jolasteko sortu dituzten jostailu eta jokoak. Duela hamalau urtetik produktu horiek biltzen eta mundura zabaltzen dabil Euskarazko Produktuen Katalogoa. Euskal Herriko hainbat udal, ikastetxe eta erakundek kudeatutako argitalpenak 0 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako euskarazko produktuak eskaintzen ditu, hala nola liburuak, musika produktuak, mahai jokoak eta, nola ez, jostailuak. Baina plataformaren azken helburua produktuok saltzea bada ere, haren egitekoa produktu horien berri ematea da bakarrik.

Nafarroan sortu zuten egitasmoa, eta bertako teknikariek kudeatu zuten Euskal Herriko beste eskualde batzuetara zabaldu aurretik. Lehen unetik oso argi izan zuten plataformaren filosofia, eta balio nagusi bat transmititu nahi izan dute une oro: «Ez dago zertan erdarazko produktuak erosi kalitatea nahi izanez gero, euskarazko produktu onak daudelako».

Mezu hori ardatz hartu, eta euskarazko produktuen erronka nagusiari aurre egin nahi izan diote: merkatu txikia eta produkzio eta banaketa kostu handiak. «Euskarazko produktuen kontsumoa areagotu nahi dugu», dio Malores Etxeberriak, plataformako kudeatzaileak, «eta uste dugu bide onean goazela; hala ere, oraindik asko dugu egiteko».

Kalitatea zutabe nagusia

Azaroan plazaratu zuen Euskarazko Produktuen Katalogoak 2011-2012ko denboraldiko argitalpena. Etxeberriak adierazi du «zorionez» katalogoan ez direla sartzen erosleak eskura dituen jostailu guztiak, 30 orrialde baino ez dituelako. Horretarako, Interneteko webgune batez baliatzen dira, katalogoan sartzen ez diren produktuak erakutsi ahal izateko. «Urte osoan Euskal Herriko hainbat enpresak ekoitzitako produktuak bildu ohi ditugu», azaldu du Etxeberriak, «eta irailerako paperezko edizioan joango diren guztiak prest egon behar du».

Jostailuen kasuan, euskaraz eskaintzen den gehiena sartzen saiatzen direla adierazi du, «beti ere kalitatea badute, hezigarriak badira eta balio batzuk transmititzen badituzte».

Baina krisiak sektorea gogor jo du, eta katalogoan ez daude gustatuko zitzaizkien bezainbeste jostailu berri. Dena den, haien irizpide nagusia ez da berritasuna, kalitatea baizik. «Produktu onak ez du zergatik berria izan, eta ez dugu uste produktu berrien atzetik aritu behar dugunik itsu-itsuan, produktu zahar asko oraindik ere oso baliagarriak dira eta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.