Ariketa zaila da. Egin beharrekoa, dena den, hainbat gertakizunen neurri benetakoa ezagutzekotan. Urrundu, mundutik urrundu, une batez, gogamen eta beste. Jakintza, ezagutza, arrazoiketa, konparazioa albora utzi. Hoztasunez so egin munduari. Hoztasunez irakurri gertakizunak. Bihotzgabe aztertu, barneratu, irentsi. Ulergaitza egingo zaigu igande goizaldekoa, esaterako. Maite duela diotsonak erahil du aiztoz, aurrez, bestelakoz jipoitua. Maite duela diotsonaren alabari eta haiei laguntzera hurbildu denari ere eraso die aiztoz. 50 metrora bota du aiztoa. Logika guztien arabera, ilogikoa. Zentzurik gabea.
Gaitasun gutxi dut ariketari eusteko. Taupaden mundura bueltan, gaiztoa hitza da bururatu zaidana lehena. Deformazio profesionala, badakizu. Baina deformazioa bera deformatuz, gaixoa ere badatorkit. Gaitza hedatuegi izango zuen. Sexismoa deritzon gaitza. Kasu honetan, maitasunetik abiatzen dena, itxura guztien arabera. Ez dut sinesten inor egiaz maitatzen duena kontzienteki hura maitatzen saiatzen gai denik ere. Kasu honetan, maitasunaren kontzeptua okerrekoa da. Ez dut zer den ezagutu nahi izateko ausardiarik. Argi dut, baina, gaitza ez zela gizon haren minaren barrunbeetan sortu. Bizi dugun munduaren eraketaren oinarrietako gaitza da, urte askoan landua, gune guztietara zabaldua eta, zorigaitzez, gure erroetan txertatua, oharkabean zein agerian, nola gizartean hala gizabanakoetan. Gizon hark zapalkuntza hori presente dagoela berretsi du.
Eraketa doilor horren egungo elikatzaile nabarmenetako bat daukagun telebista eredua da. Zapalketa, rolak, irudi desitxuratuak, banaketa bidegabea eta sentsazionalismo neurririk gabekoa irudikatzen ditu. Eta ez da kasualitatea. Estatistiken arabera, halako gertakizunen hurrengo egunetan bestela baino gehiago errepikatzen dira zorigaiztoko kasuak. Eta gertakizunen hedapena, hein handi batean, telebistaz egiten dela gauza jakina da. Ez natzaie, inondik inora, telebistako arduradun eta langileei errua egozten ari, ezpada erantzunkizuna eskatzen. Erraza baita erraztasunean erortzea. Erasotzailea, erahila eta haren alaba, laguntzera hurbildutako pertsona, zalaparta aditu zuen bizilagun multzoa, aiztoa eta bestelakoak, denak ala denak, erabilgarriegiak baitira albiste bat film labur bihurtzeko.
Komunikazioa. Ekografiak
Erantzukizuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu