Komunikazioa. Felix Antonio Molina. Radio Globoko kazetaria

«Eraso bortitzek autozentsura sortzen dute iturrietan»

Hondurasko irrati esataria Bilbon izan da berriki herrialde horretako egoeraren inguruko hitzaldi bat ematen.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2011ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Arratsaldero Radio Globo irratian Herri Erresistentziako Fronte Nazionala mugimenduko irratsaioa egiten du Felix Antonio Molinak (Santa Rosa de Copan, Honduras, 1964). Egungo erregimenaren ondorioz Hondurasen giza eskubideak gehiago urratzen direla salatu du Bilbon.

2010. urtean hamar kazetari hil zituzten Hondurasen. Kazetaritza lana arrisku handikoa da han.

Arrisku handiko ogibidea da. Kazetaritza lana egiteko testuingurua guztiz kontrakoa da. 2009ko estatu kolpearen ondorioz, kazetaritza independentea indarrez boterea hartu zutenen diana bilakatu zen. Beste faktore bat krimen antolatua da. Honduras droga kartelen menpe dago orain. Arma eta gizakien trafikoa tartean sartzen dira, gainera.

Zein modutan dago ahulduta adierazpen askatasuna?

Erasoek eta indarkeriak autozentsura sortzen dute iturrietan. Hondurasko iparraldean lurraren jabetzaren gatazka dago. Hiru enpresari handik erosi dituzte lur gehienak, guardia pribatuen armada handi baten laguntzarekin. Armada pribatu horrek hiru aldiz guardia gehiago ditu Hondurasko Gobernuko armada eta Poliziak baino. Horrek guztiak autozentsura dakar nekazariengan, herritarrengan eta gizarte mugimenduengan. Iturriak beldurrez daude, eta horrek asko mugatzen du kazetari lana eta adierazpen askatasuna.

Tegucigalpa hiriburuan egiten duzu Herri Erresistentziako Fronte Nazionala mugimenduko irratsaioa. Zein da saio horren arrakastaren gakoa?

Askotan hiriburutik irten eta komunitateetara joaten gara saioa egitera. Saiatzen gara zuzeneko soinuak jasotzen, ez editatuak. Programa sare baten bitartez zabaltzen da, eta dozena bat irrati komunitariok ematen dute. Hain zuzen ere, Radio Globo iristen ez den eremuetan zabaltzen dute emisioa irrati komunitario horiek. Saioak, gainera, harremanetan jartzen ditu Herri Erresistentziako Fronte Nazionala mugimendua eta jarraitzaileak.

Irratiaren bidez Hondurasen gauzak alda daitezkeela iruditzen zaizu?

Hondurasen irratia komunikabideetako erregina da. Tradizioa ahozkoa da, entzun eta hitz egitekoa, ez hainbeste irakurtzekoa. Telebista eta prentsaren aurretik dago irratia. Internet, berriz, gero eta gehiago zabaltzen ari da. Estatu kolpeak Internet zabaltzea ekarri zuen, herritarrek beste iturri batzuetara heldu nahi zutelako. Jendeak gero eta gehiago jartzen ditu argazkiak eta bideoak. Gainera, arazo teknikoengatik irratia ezin bada entzun, herritarrek Internet bidez entzuten dute. Irrati komunitario guztiek Internet bidez emititzen dute.

Unai Aranzadi kazetariak Honduras hoy o nunca dokumentala egin du. Zer garrantzia ematen diozu atzerriko kazetariek halako lanak egiteari?

Garrantzia erabatekoa da. Kontuan izan behar da azken urte eta erdian korral mediatikoak funtzionatu duela bai herrialde barruan bai kanpoan. AEBetako Davis konpainia kontratatu du Hondurasko erregimenak, eta enpresa hori kanpoan hesitze bat sortzeaz arduratzen da. Daukagun krisia eta erresistentzia mugimendua isilarazten dute. Hondurasen egoera ikusarazi egin behar da Amerikan, Washingtonen, Caracasen, Bogotan eta Buenos Airesen, eta Europan, Bruselan, Madrilen eta Genevan. Hiri horietan Hondurasko jende asko bizi da.

Mendebaldeko komunikabide handiek Hondurasko egoera estaltzen dute.

Bai, bi bide daude horretarako. Bata da erregimenak egiten dituen gauza guztiak onak direla esan eta oposizioak egindakoak txarrak direla. Eta beste bidea oposizioa isilaraztea da.

Epe ertainean beste Honduras bat izango dela iruditzen zaizu?

Hala espero dugu. Nabarmendu nahi nuke emakumeen presentzia handia dela herrietan. Herria berriro fundatzea batzar orokor baten eskari indartsu eta sendoa da, era askotako indarrak biltzen dituena. Oposizioko alderdiek bat egiten dute horretan gizarte mugimenduekin. Herrialdea jada aldatu da. Kontzientzia kolektiboa eremu emankorra da mobilizazio gehiago egoteko. Herria gero eta antolatuago dago. Hondurasko diasporak ere garrantzi handia du, bi milioi lagun inguru baitira.Herriari baliabide ekonomikoak emateaz gain, gero eta presentzia politiko handiagoa du Ipar Amerikan eta Europan bizi den diasporak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.