Lan sakona.Kazetaritza irakasgai ederra eman ziguten Faktoria-n ostegunean, maternitateetan ostutako haurren inguruan. Informazioa eta sentimendua uztarturik, morbo izpirik gabe. Ainhoa Etxebestek egindako erreportajea batetik, eta Nagore Telleriak familiarrei egindako elkarrizketa bestetik..
Egien ordua? Hamarkadetan ezkutatu nahi izan zaizkigun errealitateen aitormenerako garaiak iritsi zaizkio prentsa politikoari, agi denez. «Lehen auzitegi nazionalak ez ezik prentsa demokratikoak ere ontzat hartzen zituen polizien edozein txosten». Gogoeta euskal kontuetan Madrilen aditutzat jotzen den Luis R. Aizpeolea El País-eko analistaren ahotik irten zen, Ganbara-n ostegunean.
Erbestekoena. Egoera politikoak eragindako erbestera joandakoen gaia ere irten zen aipatu tertulian. Aizpeolea berak adierazi zuen ezagutzen dituela zenbait euskal kazetari borondatez eta ez mehatxupean Madrileratu direnak, berarengandik hasita; biktimen zerrendan sartzen omen dituzte, ordea. Ildo beretik Mariano Ferrerek biharamuneko Boulevard-en, txantxatzat jo zuen hemengoa txikia geratu Madrilera joandako kazetari kasta zehatz baten jarrera: euskal kontuetan ex-catedra urtetan jardun ostean, orain, bortxaz kanporatutako biktima gisa azaldu nahi duen kasta hori, hain zuzen. Izen-abizenak ematea besterik ez zitzaion falta Ferreri.
Mugarria. Kepa Junkera ez beste kantari euskaldun bat entzun zen estatuko irratirik boteretsuenean, audientziak goia jotzen dion unean, 08:30ean. Mugarri historiko txikia, berez. Carles Francinok Imanolen Ausencias abestia jarri zuen Hoy por Hoy irratsaioan, eta zehazten erraza ez den datua erantsi zion aurkezpenari, kantaria mehatxuek kanporatu zutela adierazi baitzuen.
Hiruko kuota. Hara joan den astean «alderdi sozialistako kideei eta gainerakoei» eskainitako elkarrizketaren tarte zabala, Boulevard-en: Andoni Basabe (PP) eta Josu Erkoreka (EAJ) astelehenean, Oscar Rodriguez (PSE) asteartean, Carlos Aguirre (Eusko Jaurlaritza) asteazkenean, Nuria Lopez de Gereñu (Confebask) ostegunean, eta Rodolfo Ares (Eusko Jaurlaritza) ostiralean. Sozialisten aldeko hiruko kuota errespetatzen jarraitzen dute. Programazio koherentzia eta agintariekiko fideltasuna behintzat, hori ezin zaie ukatu.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Erbestera joanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu