Arabako ipar-mendebaldean zokoratuta dago Artziniega, mendi artean babestuta. Zaballa, Idubaltza, Montenegro, Alto de Pando eta Otsati mendi tontorren arteko ibarrean. Gaur egun apur bat baztertuta dagoela ematen du bi horien artean, baina egoera oso bestelakoa da bertara heltzean. Alde Zaharreko hiru kaleetan ibiliz gero, nabarmean gertatzen da izan zuen garrantzia. Armarriak nonahi ikus daitezke; 47 daude guztira, leinu garrantzitsuetakoak, garai batean bertan bildu ziren leinu garrantzitsuen erakusgarri.
Monumentu multzo historiko izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak orain dela hamar urte Alde Zaharra. Ohiko egitura du, hiru kaletan banatuta, eta garai batean harresi batek inguratzen zuen. Bertan ibilaldi polita egin daiteke Ortiz de Molinillo y Velasco dorretxetik bertatik aterata. XVI. mendearen bukaeran egin zuten, aldez aurretik zegoen dorre batetik gertu. Armarri ikusgarriak ditu eraikin horrek, garai batean izan zuen izaera sinbolikoaren erakusgarri.
Herribilduan dauden eraikuntza esanguratsu gehienak XVI. mendekoak dira, orduan heldu baitziren familia garrantzitsuak Artziniegara. Gaztela eta kostaldearen artean zegoen merkataritzaren ondorioz, dorretxe asko eraiki ziren inguru horretan, aduana moduan erabiltzeaz gain jauntxoen arteko liskarren ondorioz. Goienkalerako bidea hartuz gero, ama agustindarren komentuan bertan ikus daiteke hori. Hainbat eraikinek osatzen dute komentua, dorre etxe bat barne.
ERDI ARORAKO BIDAIA. Goienkalen bukaeran Andre Mariaren Jasokundearen eliza dago, gotiko eta pizkunde garaikoa. XV. mendean hasi zuten, baina mende bat eman zuten bukatu arte. Orain dela urte gutxi ukitu berezia eman zioten herritarrek. Kanpoko atarian Artziniegako eta inguruko baselizetako santuak margotu zituzten Erdi Aroko Azokan.
Irailaren lehen igandean Erdi Aroko azoka egin da bertan 1998. urteaz geroztik. Jendetza bildu ohi du azoka horrek, eta herritarrek hainbat mendetako bidaia egiten dute ,Artziniegako garai bateko ohiturak ikusgai egoten baitira. Urtean Alde Zaharreko kaleek duten izaera berezi horrek eztanda egiten du, eta Erdi Arorako jauzia emateko aukera ematen dute. Artekalen eta Barrenkalen dauden jauregi guztiek horretarako ezin aproposagoak dira, baita azken kale horretan dagoen sutegia ere. Barrutik ikusi ahal izateko ez da beharrezkoa azokaren egunera arte itxoitea, igande goiz guztietan irekitzen baitute.
Ez da beharrezkoa Artziniegako Alde Zaharrean gelditzea eraikin ikusgarriez gozatzeko. Bertatik kilometro batera ipuin batetik aterata dagoen santutegi bat dago, Arteko Amaren santutegia. Ipuinetako moduko santutegia. Europako beste edozein txokotatik ekarrita dagoela ematen du, baina Euskal Herriko txoko horren historiako bilgunea da. Hala nola erromatar garaitik jendea bizi izan zen bertan, azken ikerketen arabera.
Santutegiaren izenak lotura zuzena du ondoan duen arte batekin. Aparteko zuhaitz izendatu du Eusko Jaurlaritzak, ehunka urte izateaz gain inguruetako historiarekin lotura zuzena du eta. Zuhaitz horretan agertu omen zitzaion Ama Birjina artzain bati, eta bertatik datorkio izena santutegiari. Kanpoaldea ikusgarria da, baina barruan are edertasun gehiago gordetzen du. Euskal Herriko erretaula ederrenetako bat du barruan, XVI. mende hasierakoa.
Artziniegatik urrundu ahala ikusi beharreko txokoak biderkatzen dira. Soxoguti, Barretaguren, Mendieta, Santa Koloma, Retes Tudela, Gordeliz... Inguru horretako ikuspegi bikaina eskaintzen duten herri txiki asko dago, betiere Gorobel mendilerroa zaindari duela.
Erdi Aroko bidegurutzea
Gaztela eta kostaldearen arteko lotunea izan zen Artziniega, eta historian izan zuen garrantzia islatzen jarraitzen du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu