Sanferminak Iruñean

Eredu talka oholtza gainean

Trantsizio kutsua igartzen zaio sanferminetako egitarau ofizialari. Musika eskaintza eklektikoa prestatu zuen aurreko udalak; agintari berriek ere ekarpenak egin dituzte.

Zuzeneko indartsua eskaini zuen Koma talde nafarrak igandean, Foruen plazako agertokian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Pop komertziala eta metal astuna, reggaea eta trapa, jazz latinoa eta rock gogorra... Askotariko estilo, erritmo eta doinuen topaleku bihurtu da Iruñea egunotan. Batetik, azken urteotako joerari eutsita, egitarau askotarikoa eta eklektikoa taxutu du Iruñeko Udalak. Herri Sanferminen kontzertu sorta alternatiboak, baina, gatza eta piperra gehitu dizkio festaren soinu bandari.

Udalaren musika eskaintzari dagokionez, trantsizio kutsua igartzen zaio aurtengo egitarauari: aurreko udal gobernu taldeak lotuta utzi zituen sanferminetako kontzertu eta emanaldi gehienak, baina gobernu berriak estilo propioa ezarri nahi izan du, eta aldaketa batzuk egin ditu, festaren bezperan. Nabari da ereduen arteko talka.

2015era arte, Espainiako irrati formulen neurrira diseinatutako programazioa ezarri zuen UPNk. Laukoak, berriz, espezializazioaren bidea urratu zuen, eta musika estiloen arabera banatu zituzten hiriko agertokiak: gazteentzako kontzertuak, Foruen plazan; orkestrak, mariatxiak eta DJak, Gazteluko plazan; munduko musikak, Antoniuttin; jazz musika, Konpainia plazan...

Foruen plazan, «kantitatearen gainetik, kalitatea» lehenetsiko zutela iragarri zuen Iruñeko Udalak; hortaz, kontzertu eskaintza osoa sei egunetan bildu zuten —uztailak 6, 7, 11, 12, 13 eta 14—, egitarau «trinko eta erakargarria» osatze aldera. Bestalde, pluraltasuna eta oreka bermatu nahi izan dituzte: tokiko artisten eta kanpokoen artean, emakumezko eta gizonezko musikarien artean, artista gazteen eta beteranoen artean, estiloen eta hizkuntzen artean...

Navarra Suma alkatetzara iritsita, ordea, eredua aldatzeko asmoa agertu zuen udalak, eta kontzertu gehiago txertatu zituen egitarau ofizialean. Besteak beste, Carolina Durante pop talde madrildarraren emanaldia gehitu zion Foruen plazako eskaintzari —bihar joko dute—.

Azken egunetako kontzertuei dagokionez ere, nabari da estilo eta doinu kontrajarrien arteko talka: sanferminen lehen egunean, adibidez, Efecto Mariposa eta Soraya pop artista espainiarrak igo ziren oholtza gainera, baina ez zuten Foruen plaza betetzea lortu. Aurtengo festetako kontzertu jendetsuena, oraingoz, Koma metal talde nafarrarena izan da. Igande gauean jo zuten, Mafalda rock talde valentziarrak lagunduta, eta jendetza erakarri zuten.

Sei urteko etenaldiaren ostean, 2018an itzuli zen Burlatako taldea agertokietara. Igandean, emanaldi indartsua eman zuen Brigi Duque, Natxo Zabala, Juan Carlos Aizpun eta Rafa Redinen taldeak; hogei urteko ibilbide osoko kantuak eskaini zituen.

Musikak ez du etenik

Datozen egunetan, Carolina Duranterenaz gain, kontzertu hauek hartuko ditu Foruen plazak: Hagoan eta Huntza (osteguna), Ayax & Prok eta La Furia (ostirala), Gatibu eta La Ira (larunbata) eta Javier Erro (igandea).

Herri Sanferminen gune alternatiboetan ere eskaintza zabala prestatu dute. Gaur, esaterako, Odolkiak Ordainetan, Kaleko Urdangak, Marianitoz Blai eta DJungle taldeen doinuekin blaituko dute Errekoleten plaza. Bihar, berriz, reggae gaua eginen dute, eta, datozen egunetan, Leihotikan (osteguna) eta Trikidantz (igandea) talde ezagunek joko dute agertoki horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.