Ingelesez NFC Near Field Communication izenaz ezagutzen dugu teknologia hau; euskaraz, EGK Eremu Gertuko Komunikazioa itzuli dugu. Oso gertutik informazioa eskuratu eta komunikatzeko gaitasuna duten gailuek erabiltzen duten haririk gabeko teknologia bat da.
Aspalditik entzun izan dugun sakelako bidezko ordainketa teknologia horren bidez egingo dela dirudi, eta horregatik ekarri nahi izan dugu lerro hauetara. Saio asko egon dira orain arte, baina badirudi hurrengo urteetan zerbitzu hornitzaileak, enpresa teknologikoak eta ordainketak bideratu behar dituztenak ados daudela teknologia horren erabileran. Gure sakelako aurreratuek berez teknologia hori izango dute, eta zaharragoak direnei ere gehitu ahal izango zaie nolabait. Diruaren erabateko digitalizazioan pauso bat gehiago.
Hala ere, EGK teknologia RFID estandarren zabalpen bat besterik ez da. Oso kritikatua izan da teknologia hori iraganean, batez ere bere segurtasun eta pribatutasun arazoengatik. Zer gertatzen da RFID etiketa sinple bat —energiarik behar ez duena— jarraitu badezakegu? Almazenetan, dendetan, erosketak egiteko, etiketa horiek oso erabilgarriak izan daitezke, darabilzkigun kode barrak baino erabilgarriagoak. Baina gauzak asko aldatzen dira gure gorputzari lotutako txip bat badira eta batez ere informazio hori eskuratzeko gaitasuna edonork lortzeko aukera badu.
Noski, animaliei egiten zaien bezala txip bat ezartzea zientzia fikziozko zerbait iruditzen zaigu, eta segur aski jendartean aurkako erreakzioa handia sortuko luke. Baina zergatik ez, orduan, egunero daramagun zerbaiti lotu? Gure NAri edo sakelakoari adibidez? Teknologia horrek erraztasunak emango dizkigu, erraztasunak baino erosotasuna gehiago, baina ez dugu ahaztu behar erosotasunaren bidez espero ez ditugun ondorioak ere etor daitezkeela.
Goiz da oraindik horri buruz gauza handirik esateko, baina, seguruenik, arrakasta izango duen teknologia bat izango da. Gure pribatutasuna ziurtatzeko aukera ematen duen edo ez ikusi beharko dugu; desgaitzeko aukera edo erabilera hautazkoa izatea garrantzitsua izango da. Duda asko, baina RFID hitza baztertu eta NFC erabiltzen hasteak inuzentea baino gehiago komunikazio estrategia bat dirudi; ikusiko dugu zertan gelditzen den.
Komunikazioa. Irlen sarea
Eremu gertuko komunikazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu