Erleen begietatik

Zientzialari ingelesek asmatutako sistema bati esker, erleek eta beste intsektu polinizatzaileek loreak eta oro har landaredia nola ikusten dituzten beha daiteke; 'FreD: The Floral Reflectance Database' datutegian, argazki bilduma oso bat ikus daiteke doan, Internet sarean.

Erleak polenaren bila ibiltzen dira etengabe. TODOMIEL.
xabier martin
2010eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Gure begiek, eta haiek igorritako seinaleen bidez gure burmuinak, ikusten ari garen munduaren errealitatea erabakitzen dute. Loreek kolore jakinak dituzte, landarediaren itxura oso modu zehatzean jasotzen dugu. Erleek, polinizazioa dela eta, landaredian duten garrantzia ezaguna da; bada, intsektu hegalari horiek ez dituzte loreen koloreak gizakiek bezala ikusten, izpi ultramoreen espektropean jasotzen baitituzte koloreak. Londres eta Queen Maryko Imperial Collegeko zientzialari talde batek erleek ikusten duten natura islatu nahi izan dute proiektu bitxi batean. FreD da emaitza, Internet sarean doan kontsulta daitekeen datu base bat: The Floral Reflectance Database.

«Guk ikusten dugun mundua, ez da mundu fisikoa edo erreala; horixe azaleratzen du ikerketa honek», dio Lars Chittkak, Queen Maryko Zientzia Biologikoetako Eskolako irakasleak. Animalia askok gizakiok ez ditugun zentzumenak dituzte, bizi behar duten ingurunean bizi ahal izateko. «Erleek eta beste hainbat intsektuk antzematen duten kolore mundua ikusezina da guretzat, izpi ultramoreak jasotzeko gai baitira», azaldu duikerlariak. Munduaren zati hori, errealitate jakin hori ikusi ahal izateko, FreD datu basea behar da.

Espektroislatzaileak neurtzen

Askotariko landare eta loreen orri eta hostoen espektroislatzaileak neurtu dituzte zientzialariek. Lore bakoitzaren neurri jakinek kolore bat islatzen dute, hala ikus daitekeen espektroan nola ikusezinean ere. FreD datu baseko erabiltzaileek froga dezakete intsektu polinizatzaile bakoitzak bere erara ikusten dituela landareak, ikusten duten espektroaren zatiaren arabera.

Baina nola lortu dute intsektuen begietan sartzea? Mikroelektrodoak ezarri dizkiete erleei fotohartzaileetan, eta haiekin lortutako informazioa prozesatuz mugatu dituzte koloreak.

Mundua intsektuen begietatik ikusteak gizakiarentzat ikusezinak diren zenbait eremu ikusgai egiten ditu. Ikusteko modu hori gida moduan baliatzen dute erleek polena topatzeko. «Loreen orrietan hainbat kolore antzematen dituzte, jakiteko non koka dezaketen mingaina, nektar guztia xurgatzeko», dio Chittkak.

Erleek landaredia ikusten duten moduan ikusi ahal izatetik harago, zientzialari ingelesek beste erabilera batzuk aipatzen dituzte tresna berriari dagokionez. «Intsektu polinizatzaileen lanaren emaitza da gizakiaren jatekoaren herena. Polinizazio komertzialak egin ahal izateko, intsektuek koloreak nola ikusten dituzten jakin behar dugu». Hala, berotegietan zer-nolako argia jarri beharko litzatekeen erabaki daiteke tresna berriaren arabera, «erleei loreak antzemateko lana errazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.