Igandean Erlezainen eguna egingo da Zegaman (Gipuzkoa). Egun osoko egitaraua prestatu dute eta Gipuzkoako XIII. Ezti Lehiaketa orduan jokatuko da. Bertso jaialdia ere prestatu dute.
Norbaitek lo hartuko balu ere, esnatzeko txistulariak ibiliko dira kalean bazterrak alaitzen 10:00etatik aurrera. Ordu erdi bat geroago, Euskal Herriko Gozogileen produktuen erakusketa ere egongo da. Horrekin batera hasiko da Gipuzkoako ezti lehiaketa. Ezti argi, ezti ilun eta milalore erako eztien lehiaketa izango da. Bailarako txapelketetan sarituek bakarrik hartuko dute parte.
11:30etarako ezti dastatze gidatua prestatu dute antolatzaileek. Azalpen eta aholkuak emango dituena Silvia Cañas izango da. 12:00etan puntuan Aseginolaza Anaiek durrunba aterako dute. 12:15 inguruan, erleari eta erlezainari zuzendutako omenaldia izango da. 12:30ean durrunba eta ezti lehiaketa amaituko dira.
Urteko erlezainei ere egingo diete omenaldia 13:00etan. Aurtengoan Felix Urzelai urretxuarra eta Joxe Etxeberria azpeitiarra izango dira. Hori amaitu eta sariak banatuko dituzte: Aitxuri Herri Eskolako haurrei zuzendutako marrazki lehiaketarena batetik, eta Gipuzkoako ezti lehiaketarena bestetik. Goizarekin amaitzeko, 13:45ean, gozoki zein eztiak dohainik dastatzeko eskaintza antolatu da.
Herriko ostatuan herri bazkaria prestatuko dute 14:15ean. Egunari amaiera emateko pilotalekuan bertso saioa egongo da 18:30ean. Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Anjel Mari Peñagarikano eta Aitor Mendiluze bertsolariekin.
ERLEZAIN EGUNA
Non. Zegaman (Gipuzkoa).
Noiz. Igandean.
Asteburuko proposamenak
Erlezainen Eguna erle eta ezti artean
Zegama Felix Urzelai eta Joxe Etxeberria omenduko dituzte igandean, Gipuzkoako ezti lehiaketa egin eta gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu