Eromena, itsasotik etorrita

Frantziatik iritsi da 'Azart. Zoroen itsasontzia', eta Pasaiako Trintxerpeko kaian trabatu dute. Hiru egunetan 'Zoramenaren aldarria' antzerki ikuskizuna eskainiko dute eguzkia sartzen hastean.

Mozorro eta instrumentuak gainean hartuta, antzerkia eta musika uztartzen dituzte. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Pasaia
2012ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Itsasontzi bitxi bat iritsi da Pasaiara: aurrealdean labana eta sardexka ditu, marra horiz eta berdez margotuta dago ia itsasontzi osoa, eta eskeleto batzuk ikus daitezke. Loreontziak daude albo guztietan, eta, tarteka, gora begira dauden hankak ere ikusten dira. Zortzi lagun daude; eta txakur bat. Jantzi arraroak daramatzate: era guztietako kapelak, zapatak, ileordeak... Iratxo belarriak daramatza batek; beste batek, txakurrarenak. Trintxerpeko kaian dago Zoroen itsasontzia, lurrari lotuta.

Zoroen Ontzia konpainiako kideek antzerkia, musika, kabareta eta bestelako diziplinak plazaratzen dituzte, eta gaur, bihar eta etzi, Zoramenaren aldarria ikuskizuna eskainiko dute. Ontzia agertoki bihurtzen dute, eta eguzkia sartzean hasten dute emanaldia. Kaian, lehorrean, harmaila handiak ipini dituzte, 220 bat lagunentzat. Herritarrek handik ikusiko dituzte emanaldiak.

«Guk egiten dugun antzerkia umorezkoa da, herri osoarentzako antzerkia», azaldu du Bea Insa aktoreak. Inauteriak dituzte jatorri, eta antzezteaz eta dantzatzeaz gain, abestu ere egiten dute. Instrumentu asko erabiltzen dituzte: panderoak, esku soinua, tronpeta, saxofoia eta eurek egindako harpa moduko bat, besteak beste.«Ez gara aspertuko», azpimarratu du Xabier Agote Albaolako lehendakariak.

Sarrera ere, nola ez, bitxia: «Kilo bakoitzeko hamahiru zentimo ordaindu behar da, eta, gehienez, 10,01 euro», azaldu du Insak. «77 kilo arte ordaindu beharko dute, hortik gorako gainkarga ez dugu kobratzen», gaineratu du August Dirks kapitainak. Umorea behintzat ez da falta Azart. Zoroen itsasontzian.

Udan, Europako herrialdeetan zehar ibiltzen dira bira artistikoa egiten. Neguan, berriz, portu batean trabatu, eta bertan egoten dira. Donostia 2016ren harira, datorren negua Pasaian igaroko dute. Hurrengo udako ikuskizuna prestatzeaz gain, bertako zein kanpoko artistekin elkarlanean arituko dira, ontzia laborategi bihurtuta, diziplina ugari batuz. Gainera, herritarrekin tailerrak egingo dituzte: antzerki soziala, esaterako.

Zoroen itsasontzia deitu arren, argi diote ez direla eurak erotuta daudenak. «Gizartea da erotuta dagoena», dio kapitainak: «Itsasoan goazenean hildako arrainak, autoak... Pozoia garraiatzen duten ontziak ikusten ditugu. Guk eromena eramaten dugu batetik bestera».

Dagoeneko 23 urte igaro dira Zoroen Ontzia antzerki konpainia sortu zenetik. Antzerki laborategia da, eta etengabeko bidaia batean murgildua da harrezkero. Dirks hasieratik dabil bertan. «Bizitzaren bidaia da, arteari, antzerkiari eta itsasoari lotua. Unibertsoa da gure aberria», dio.

Egun, zortzi dira, baina «lanaren arabera» aldatzen da. «Neguan lauzpabost izaten gara; udan gehiago, hamar edo hamabi».

Historia luzeko itsasontzia

Azart ontzia 1916an eraiki zuten, arrantza jardueretarako. Gerran ere ibilia da, kanoi eta guzti. Oraindik, han jarraitzen du gerra garaiko gutun gelak, esaterako.

Dena eskuzkoa da, baina «oso erraza» da gidatzea; auto bat baino errazagoa. «Gainera, mundu erdia daukagu hemen, eta ez metro eskas bat». Handia da ontzia, eta gustura bizi dira han kideak. Dirksen ustetan, «dirurik ez dagoen arren, luxuzko yatea da; ur gaineko gaztelua».

Gune nagusia artisten gela da: «Hemen egiten ditugu jatorduak, hizketaldiak... Gauetan, askotan, agertoki bihurtzen dugu, eta kabareta edo antzerkia egiten dugu; aulkiak ipini, eta 50 lagun erraz sartzen dira».

Ikuskizunak asteburuan izango dira, baina, nahi izanez gero, nahi duena joan daiteke ontzia ikustera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.