Azken entzierroa garbia izan da ia bide osoan, baina bukaeran narrastu da. Izan ere, zezen plazaren sarreran erori egin dira bi zezen, eta jaikitzerakoan gizonezko bat harrapatu dute, nahiz eta ez dioten adarrik sartu. Plazara sartu aurretik, Telefonica aldean joaldun bat ere erori da, eta azpian harrapatu du korrikalari bat. Bederatzi lagun eraman dituzte erietxera, kolpeekin. Beste hiru lagun zezen plazan bertan artatu dituzte.
Azkar egin dute Miura ganadutegiko zezenek ibilbidea, ohi duten bezala: 2 minutu eta hogei segundo. Taldean egin dute ibilbidea, eta ez dute aparteko arriskurik sortu. Batera eta azkar joan direnez, korrikaldietarako aukera handiegirik ere ez dute eman, Estafetan atzera gelditu den zezen batek izan ezik. 50. entzierroa zuten Miurek Iruñean.