Alondegiko atarian kartoizko piezekin egindako puzzle itxurako dorre bat dago. Bertatik pasatzen dena, jakin-minak bultzatuta, dorrera hurreratzen bada, ikusiko du post it kolore deigarria duten pieza horiek material berrerabiliarekin eginda daudela. Ez hori bakarrik: bertan dago idatzita azaroaren 21etik 27ra egingo diren ekitaldien egitaraua. Hondakinek bizitza bat baino gehiago izan dezaketen seinalea, praktikoa gainera.
Hondakinei aurre egiteko Europako astearen harira, Bilboko Alondegian sormenezko berrerabileraren jaialdia antolatu dute aste honetarako: Hondakin izenekoa. Biztanleriaren kontsumo eta ekoizpen ereduak aldatzea du helburu jaialdiak, eta hori lortu bidean, adin guztietarako tailerrak, hitzaldiak zein kultura emanaldiak egingo dira igande bitartean. Egitarauak hiru atal ditu. Alde batetik, Transfhormazioak dago. Atal horretan, bigarren hezkuntzako ikasleek hondakinak eraldatzeko tailerretan parte hartuko dute. Helburu nagusia da bazterrean utzitako materialak transformatuz sormena garatzea, eta ingurumena errespetatzeko kontsumo irizpideak hartzea.
Atzo goizean izan zuten gazteek ekitaldietako lehenengo jardunaldia. Hondakin jaialdiko koordinatzaile Gorka Rodriguezek adierazi zuenez, hondakinen inguruko ideia okerra dute ikasleek: zikinkeriarekin lotzen dute. «Nik hainbat adibide erakutsi diet, ideia hori baztertu dezaten. Hondakina ez da beti gauza nazkagarria». Programa honetatik proposatzen dute «irudimen pixka bat izatea, eta kontsumitu dugun produktua bota aurretik pentsatzea: zer balio izan dezake honek? Zertarako erabil dezaket?». Gaur egungo gazteek birziklatzearen ideia ondo errotuta daukate, baina berrerabilerarekin ez da berdin gertatzen. Rodriguezek ez du uste hori bide egokia denik: «Gutxiago kontsumitu behar da, eta kontsumitzen dugunari iraupen handiagoa eman».
Maskarak eta musika tresnak egiteko tailerrak ere egingo dituzte ostiralera arte. Errezeta birziklatuak ikasteko tailerra ere egongo da, jende guztiarentzat. Yan Eskolakoek proposatuko dute hiru jakiz osatutako menu bat egitea, Alondegian duten Yandiola jatetxeko beste errezeta batzuetatik soberan dauden osagaiekin. Hola kafetegian hondakin pintxoa ere izango dute salgai. Hitzaren Collagea izango da egitasmo horren beste tailer eraldatzaile bat. Rodriguezek azaldu du egunkari zaharretako hitzak moztuz olerkiak sortuko dituztela: «Hitz horiek guztiak testuinguruz aldatuko ditugu, eta mezu berriak sortu».
Emanaldiak eta hitzaldiak
Hondakin Akt sailak zuzeneko emanaldiak biltzen ditu. Ostegunean, 21:00etan, CaboSanRoque taldeak emango du kontzertua, Mediatekan. Larunbatean, berriz, Kolore Bitxia antzerki taldeak gazteentzako antzezlana eskainiko du.
Azkenik, Hartu-Emhonak atalean gauzatzen ez diren ideien berrerabilerari eta balioesteari buruz arituko dira, horretarako hitzaldiak eta tailerra uztartuz. Zaborrarekin Solasean, ostera, Drap Art (Bartzelona) eta Makea (Valentzia) kolektiboek sormenezko berrerabilerari buruzko esperientziak azalduko dituzte. Larunbat goizean, Truke Azhokak itxiko du programa: ideiak eta objektuak trukatzeko modua izango da, berrerabileraren asteari amaiera emateko.
Erosi, erabili... eta bota?
Hondakin hasi da Bilboko Alondegian, sormenezko berrerabileraren jaialdia. Kontsumo ereduen inguruko hausnarketa eta hondakinen berrerabilera sustatzea du helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu