Alejandro Arrieta. Ekoizle ekologikoa

«Erosle baino paseatzaile gehiago daude»

EIDER MUGARTEGI / LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZA.
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Etxeko ortuan ekoitzitako barazkiak saltzen ditu Alejandro Arrieta Malaxetxeberriak (1968, Markina-Xemein, Bizkaia), eta hogei urte baino gehiago daramatza urriko azken astelehenean postua jartzen. Produktu ekologikoak landuz hasi zen baserri munduan, eta bere bezeroekin daukan harreman zuzena da harentzat hoberena.

Nondik ateratzen dituzu urte osorako etekinak?

Astero lau azokatara joaten naiz; eta ez daukat denborarik otzarak egiteko. Horrela moldatu naiz orain arte: bitan Ondarroara, eta Markinara eta Zarautzera eramaten ditut dauzkadan produktuak. Bakarrik ondo moldatzen naiz.

Urriko azken astelehenera noiztik etortzen zara, eta zergatik?

Hogei urtean ez dut kale egin.Azoka handi xamarra da, eta jende asko batzen da. Baina esan behar dut gero eta gutxiago saltzen dela. Azkenengo urteetan paseatzaile gehiago daude erosleak baino, eta ni saltzera joaten naiz, ez erakustera.

Nola moldatzen zara zu bakarrik horrelako azoka handi batean?

Barazkiak ez dira preziatuenak urriko azken astelehenean; beraz, lasai ibiltzen naiz. Hala ere, ondo antolatzea ezinbestekoa da. Aurretik prestatzen dut generoa, eta bertan bezeroen arretari ematen diot garrantzia. Azoka prestatzea ez da egun bateko gauza, hilabeteetakoa baizik: ilarrak batu, gauza politak bildu... Udaberrian hasten naiz haziak landatzen, eta, gero, barazkien sasoia ahalik eta gehien luzatzeko lan egiten dut. Denetarik edukitzeko modu bakarra lana ondo egitea da.

Hasieratik hasi zinen janari ekologikoa lantzen; nabaritu duzu aldaketarik?

Duela 28 urte, lau zoro ginen, baina ematen du indar apur bat hartuz doala azkenaldian. Gu hasi eta urte gutxira sartu zen etiketa ekologikoarena. Oso ondo dago; horri esker, jendeak hobeto ulertu du, eta kontzientzia bat ere piztu izan da. Ekologikoak jende berria ekarri du azoketara. Nire bezeroen adina altua den arren, elikadurarekin arduratuta datoz pertsona berriak. Niri ez didate eskatzen gauza berri askorik, sasoi-sasoikoa asko eta luze edukitzea eskatzen didate. Bikote gazteetan joera bat nabaritzen da orain. Ardura handia daukate beren umeen janariaren jatorriarekin eta kalitatearekin.

Nola ikusten dituzu produktu ekologikoak azokan?

Ortu txikiak ekologikoak dira orain. Horrelakoetan, elikagaiaren prozesu osoa kontrolatzen duzu. Bezeroek ere konfiantzazko harreman bat sortzen dute saltzailearekin. Hori da gehien gustatzen zaidana.

Sari batzuk irabazi dituzu azoka batzuetan. Gernika-Lumoko sarian pentsatu duzu noizbait?

Nire helburua beti da postu txukun bat jartzea. Gernikan oso postu indartsuak daude. Bezeroek eskertzen dute postua elegante jartzea. Zenbat eta erakargarriagoa izan, salmenta orduan eta hobeagoa da.

Aldaketak egingo zenituzke azoka honetan edo besteetan?

Oso politak dira merkatuak, baina lan handia eskatzen dute. Azken urteetan zalantza eduki dut, joan edo ez. Gernikako Udalari eskatu nahiko nioke dietak emateko, beste feria batzuetan bezala, galkorra den generoari aurre egiteko. Azkenean, saltzen ez ditugun produktu asko gero ezin dira erabili, galdu egiten ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.