Erosle eta ekoizleen arteko zubia

Bidezko Merkataritzaren Eguna dela eta, merkatua, tokian tokiko produktuen dastatzeak, musika ikuskizunak eta beste hainbat ekitaldi antolatuko dituzte larunbatean Euskal Herriko herri eta hirietan.

Bidezko Merkataritzaren Egunean Gasteizen antolatutako azoka. JUANAN RUIZ/ ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2012ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Merkatu eguna ez ezik, festa, informazio, eta aldarrikapen eguna ere izango da hurrengo larunbata Euskal Herriko herri eta hirietan, Bidezko Merkataritzaren Egunaren harira. Erosle eta tokian tokiko ekoizleen arteko zubi lana egitearen garrantziaz gogorarazi, eta zenbait produkturen ekoizpenarekin sortzen diren bidegabekeriak salatzea du helburu ekimenak.

Kafe onaz gozatzeko ez da inor akitu behar lelopean, kafea ehotzen ariko diren pertsonen kontzentrazioak izango dira ehunka herritan. Horrekin, zenbait produkturen ekoizpenean, kafearenean, esaterako, sortzen diren bidegabekeriak salatuko dituzte.

Iruñean Sarasate pasealekua izango da gune nagusia. 11:00etatan hasita, merkatuaz gain bestelako ekitaldiak ere izango dira. Ortzadar dantza taldeak girotuko du merkatua, eta produktuen erakusketa eta dastatzea izango da. Gaztetxoenek ere izango dute zer egin. Puzgarriak, jokoak eta beste jarduerak prestatu dituzte eurentzat. Dantza erakustaldia eta musika emanaldiak egongo dira 20:00ak arte.

Bilboko Areatza pasealekuan eraikitako karpa egun osoan egongo da irekita, 11:00etatik 21:00etara. Bidezko merkataritzaren produktuak erosi, merkataritza mota horren zergatiei eta hastapenei buruz gehiago jakin, eta musika taldeen emanaldiak ikusi ahal izango dira. Haurrentzako jokoak eta tailerrak egongo dira, eta 14:00etan herri bazkaria egingo duteproduktu ekologikoekin.

Gasteizko Probintzia plazan bidezko merkataritzaren errealitatea eta proposamenak ezagutzeko hainbat ekitaldi antolatuko dituzte. Haurrentzako ekojolasak eta lantegiak, musika emanaldiak, kaleko antzerkia, ipuin kontalariak eta bidezko merkataritzako merkatuak hartuko du plaza larunbatean. Zenbait taberna eta jatetxe ekimenera atxiki dira, eta bidezko pintxoen ibilbidea prestatu dute.

Mugi zaitez bidezko merkataritzaren alde lelopean ospatuko dute eguna Donostian. Bidezko merkataritzaren alde lipdub-a antolatu zuten lehengo astean, eta aldarrikapenari jarraipena emango diote aste honetan. Eguraldia lagun, Bulebarrean egingo dituzte saioak. Euria eginez gero, Gipuzkoa plazara mugituko dira. 11:00etan hasiko dute eguna, trikitilariekin. Ipuin kontalariak, tailerrak eta bidezko merkataritzaren produktuen zozketak egingo dituzte. Egun osoan merkatua eta produktuen dastatzeak egongo dira.

Baionako Glaineko Elkarteen Etxean egitarau zabala prestatu dute larunbaterako. Ikuskizunak eta desfileak egongo dira egun osoan. Tokian tokiko ekoizleen produktuekin merkatua egingo dute 10:00etatik 21:00etara. Eguerdian, bidezko bazkari ekologikoa dastatu ahal izango da 15 euroren truke. 16:00etan, nekazaritza biologikoari buruzko hitzaldia antolatu dute. Kadjoo musika taldearen emanaldiarekin amaituko dute eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.