Publikoaren eta kritikaren oniritzia jaso eta Euskal Herriko hamaika antzokitan ibili ostean, Errautsak antzezlanaren azken emanaldiak egingo dituzte datozen egunetan Artedramak eta Le Petit Theatre de Painek. Gaur, Amurrion izango dira. Datorren astean, berriz, ostegunean Hondarribian, ostiralean Villabonan eta larunbatean Elgetan. Hain zuzen ere, Elgetakoa izango da azkeneko emanaldia.
«Bidean esperientzia biziki ederrak izan ditugu. Sariak ere jaso ditu antzezlanak: batetik, ikusleen Txalo saria Azpeitian, eta, bestetik, Donostia Saria. Baina benetako saria antzokiak beteta ikustea izan da», diote antzezlanaren egileek euren webgunean. Zazpi mila ikusle inguru joan dira ikustera. «Antzokiak, pilotalekuak eta gaztetxeak beteta ikustea benetan izan da bizigarria».
Errautsak egitasmoaren sorkuntza azken lau urteetan Artedrama eta Le Petit Theatre de Pain taldeek egin duten elkarlanaren emaitza da.
Istorioa Hodeiren heriotzarekin hasten da. Gaztaroko lagunak Hodeiren hiletarako bilduko dira. Saminak eta berriz elkartzearen emozioak eraginda, Hodeiren azken agurra garai bateko festa basati bihurtuko da. Iraganeko eta oraineko egiak, gezurrak eta kontraesanak azaleratuko dira.
'ERRAUTSAK' ANTZEZLANA
Noiz. Gaur, 19:30ean.
Non. Amurrioko antzokian (Araba).
Errautsen azken tantoak
Artedrama eta Le Petit Theatre de Pain taldeen 'Errautsak' lanak azken emanaldiak egingo ditu datozen egunetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu