Maddi Bediaga. Bahai fedeko kidea

«Erraz nahasten dira erlijio txikiak eta sektak»

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Bahai fedea Iranen sortu zen, XIX. mendean Bahaula erlijio gizonaren eskutik. Sinesmen horren arabera, munduan Jainko bakarra dago, eta mendeetan mezulari edo profetak bidali ditu mundura: Buda, Jesukristo eta Mahoma, besteak beste. Beraz, bahai fedearen arabera, munduko erlijio guztiak Jainko beretik datoz.

Apaizik ez dago erlijio horretan, «gure ordezkariak urtero egiten dugun bozketa baten bidez aukeratzen ditugu», dio Maddi Bediagak, bahai fedeko kideak. «Gauden hiri bakoitzean bederatzi ordezkari aukeratzen ditugu, eta horiek zuzentzen dute komunitate bakoitza», zehaztu du. Apaizik ez daukaten bezala, erriturik ere ez daukate, «ez meza bat bezala behintzat». Hemeretzi egunez behin elkartzen dira, eta bilerak egiten dituzte, «baina bilera informalak dira, ez dago eredu finkorik». Irakurketa batzuk egiten dituzte, horren inguruan hitz egin eta otoitz egiten dute.

Erlijio kultura eskasa

Euren fedea praktikatzeko garaian ez du inongo trabarik sumatzen Bediagak, baina gizarteak erlijio kultura eskasa duela, hori garbi ikusten du. «Horren ondorioz, oso erraz nahasten dira erlijio txikiak eta sektak», dio. Eurei askotan gertatu zaiela azpimarratzen du bahai fedeko kideak, eta «horrek asko tristatzen gaitu, talde handiei eta txikiei ez baitzaie begi berberekin begiratzen». Horregatik, erlijioen inguruko informazioa ondo eman beharrekoa dela iruditzen zaio Bediagari.

Hala ere, bera ez da sekula baztertua sentitu. Jende askok bahai fedearen inguruan duen ezezagutza jakin-min bihurtu izan da.

Bahai fedearen lehen sinestun euskaldunaren berri 1935ean kokatzen du Bediagak, Miarritzen. Baina ez zen fededun hura izan bahai fedea Euskal Herrian zabaldu zena, Lapurditik Parisera joan baitzen. Lehen komunitatea hainbat urte beranduago sortu zen, 70eko hamarkadan,Bilbon.

Orduz geroztik, erlijio hori ahoz aho joan da zabaltzen, egun dituen 200 sinestunen kopurura iristeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.