Komunikazioa

Errealitate areagotua, Euskal Herriko kultur eta turismo gida bat osatzeko

400 irudi inguru jarri dituzte Android telefonoetan ikusteko, 175 interesgunetan daudenentzat

Lekuen bilakaera ikusteko aukera ematen du KulturMappek. EUSKOMEDIA.
Edu Lartzanguren.
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Ondarretan zaude, Donostian, Igeldori begira, eta leku horri buruz informazio gehiago jaso nahi duzu Interneten bidez. Klik batekin, argazki zaharrak dituzu telefonoan, iragana eta oraina konparatu ahal izateko. Errealitate areagotuak ematen dituen aukeretako bat baino ez da. Euskomedia fundazioak KulturMapp aplikazioa sortu du, 175 interesgunetan, 400 irudi inguru eskura jartzeko.

«Kultura eta ondarea zabaldu nahi genituen gailu mugikorretan», azaldu du Koro Murok. Euskomediako eduki arduradunaren arabera, kultura, ondare eta turismo gida osatu nahi izan dute errealitate areagotuaren bidez, «mota horretako lehena Euskal Herrian».

Aplikazioa doakoa da, eta Android sistema eragilea duten telefonoetan erabil daiteke. «Kultur turismoa gero eta gehiago zabaltzen ari da, gailu mugikorrak ere bai, eta bi joerak uztartzeko bidea ematen zigun honek».

Orain ez daude Euskal Herriko herri guztiak, baina bost hiriburu, behintzat, bai. Herrialde osora zabaldu nahi dute egitasmoa.

Puntu gorriak eta urdinak

Telefonoan KulturMapp aplikazioa pizten duzunean, puntu urdin bat ikusiko duzu, eta beste batzuk gorriak. «Urdina zeu zara, GPSaren bidez lokalizatuta». Gorriak inguruan dituzun informazio osagarriak dira.

Antzinako argazkiekin hasi dira, Eusko Ikaskuntzari esker argazkitegi interesgarria dutelako. Bistadizo batean bilakaera historikoa ikusteko aukera ematen du aplikazioak. Datu basea handitzen ari dira, osagaiz osagai. Bideoak gehitzeko lanean ari dira. Dagoeneko badauzkate hainbat bideo eginda. Udan gehituz joango dira,hau da, errealitate areagotua areagotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.