Aurten 30 urte beteko dituzte ETBk eta Euskadi Irratiak. Eta aurreneko aldiz estilo liburu bat izango du EITBk. EHUko hiru irakasle aritu dira testua lantzen: Maria Jose Cantalapiedra, Begoña Zalbide eta Rosa Martin. EITBko zuzendaritzak irakasleei enkargua egin zienean, taldeko kazetari askok ez zuten begi onez ikusi. Hiru irakasleak ETBko behin-behineko ErredakziokoKontseiluko kideekin harremanetan jarri ziren, parte hartzea proposatzeko. Kontseilu horren arabera, hasiera batean, liburuaren lanketak ez zuen irten behar EITBren eremutik.
Baina, EITBko zuzendaritzaren eta ETBko behin-behineko Erredakzioko Kontseiluaren arteko negoziazioen ostean, Estilo Liburua aurrera ateratzea lortu dute. Horren truke, EITBko zuzendaritzak erredakzioko estatutua onartuko du. Estatutu horren zirriborroa joan den astean aurkeztu zion Alberto Suriok EITBko Administrazio Kontseiluari. Orain, Administrazio Kontseiluaren lan batzordeak aztertuko du testua, eta, ondoren, edukiaren inguruko txostena idatziko dute. Zuzendaritzak ekarpen horiek kontuan hartzen dituenean, EITBko hedabide guztietako erredakzioei aholkua eskatuko diete. Ondoren, Administrazio Kontseiluari aurkeztuko diote, eranskin eta ekarpenekin, onar dezan.
Erredakzioko estatutua sortu den moduarekin haserre daude EITBko hainbat kazetari. Testua erdara hutsean zabaldu izana, eta negoziazioa iluntasunez eta gardentasunik gabe egin izana leporatzen diote ETBko behin-behineko Erredakzio Kontseiluari. Eta estilo liburua lantzeko orduan zuzendaritzari «txeke zuria» ematea egozten diote. ETBko behin-behineko Erredakzio Kontseiluarentzat, «diskrezioa» izan da haien asmoa. Estilo liburuari dagokionez, esan dute kontseilukideei ez ezik erredakzioari ere egingo zaiola kontsulta. «Mugatu barik, zabaldu egiten da parte hartzea».
Estilo liburua, generikoa
EHUko hiru irakasleek aurkeztu duten estilo liburuaren zirriborroa deontologia profesionalari buruzkoa da, zehaztasun gutxikoa. Arlo teorikoan, informazioa eta iritzia bereiztea jasotzen du. «EITBko profesionalek herritarrek egia ezagutu dezaten bitarteko izan behar dute», jasotzen du testuko artikulu batek. Kontzientzia klausulari dagokionez, honakoa dio: «Informatzaileak babestu egiten dira orientazio informatibo edo ideologikoen aldaketa nabarmen batetik. Kazetariei aitortzen zaie komunikazioaren printzipio etikoaren aurka doazen informazioetan ez parte hartzeko aukera, eta horrek ez lieke zigorrik edo kalterik ekarriko». Ez zen halakorik bete 2010eko urrian: ETBko Politikako arloburu Juan Carlos Viloriak berak idatzitako testua inposatu nahi izan zion erredaktore bati. Kazetariak ez zuen halakorik onartu.Eta ETBko zuzendaritzak espedientea zabaltzeko mehatxua egin zien Maite Zurikarai eta Jasone Agirre kazetariei. EITBko langileen protesta eta elkarretaratzeen ostean, azkenean, hitzezko errieta batean gelditu zen mehatxua.
Estilo liburuaren zirriborroak, halaber, gertakariak ez baloratzeko eta informazio neutroa emateko eskatzen du, iritzirik gabekoa. Errugabetasun ustekizuna eta kontakizun kontrastatu eta orekatuak ere eskatzen ditu zirriborroak.
Erredakzioko estatutua
Erredakzioko estatutua onartu ahal izateko, EITBko Administrazio Kontseiluaren oniritzia jaso beharko du. Eta erredakzioko profesionalen gehienek baiezko botoa eman beharko diote, bi hereneko gehiengo kualifikatuarekin.
Estatutu horrek hainbat eskubide eta betebehar ezartzen dizkie ETBko kazetariei: 9. artikuluaren arabera, informazioa eta iritzia bereiziko dituzte; berdintasun, askatasun, pluralismo eta tolerantzia balioak sustatuko dituzte, eztabaida demokratikoa eta iritzi guztien adierazpen askea erraztuz. Printzipio deontologikoen artikuluen barruan, informazioak iturri kopuru nahiko batekin egiaztatu beharko dituzte; gertaeren kausak eta ondorioak testuinguruan jarri beharko dira, ahalik eta ikuspuntu gehienekin; errespetatu egingo da pertsonen eskubidea informazioa ez eman eta galderei ez erantzuteko; ezingo dira profesionalak informazio saioetan publizitatea egitera behartu, EITBko saioen autopromozioa salbu; errugabetasun eskakizuna zehatz-mehatz aztertuko da; adingabeen informazioak bereziki zainduko dira; edozein ekintza terroristaren biktimak zorroztasunez, errespetuz eta sentsibilitatez tratatuko dira; profesionalek ardura eta zorroztasunez jokatuko dute, topikoak eta estereotipoak saihestuz; EITBko profesional guztiek, bestalde, bere lanaren jabetza intelektuala izango dute.
Profesionalek, halaber, kontzientzia klausula erabili ahalko dute, estatutuaren 32. artikuluaren arabera. Eta, 45. artikuluak dioenez, profesionalek edukiak askatasunean landuko dituzte, estatutuko printzipio deontologikoei eta estilo liburuari jarraituz.
Komunikazioa
Erredakzioko estatutua eta estilo liburua
EITBko zuzendaritzak erredakzioko estatutuaren zirriborroa aurkeztu dio Administrazio Kontseiluari. Horren truke, estilo liburua onartu beharko dute kazetariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu