Batetik bestera dabil, zinemaldiari azken ukituak eman nahian. Mendizalea da Jabi Baraiazarra (Getxo, 1961), eta badu eskarmentua ikus-entzunezkoen alorrean. Bi zaletasunak uztartzen ditu Mendi Film Festivalarekin.
Nola dator aurtengo Mendi?
Gainezka dator, bete-betekoa. Ahalegin handia jarri dugu bestelako ekitaldiak indartzen, ulertzen baitugu festibala ezin dela mugatu pelikulak ematera. Gorputz sendoagoa behar du, eta ahalegin handia egin dugu beste esparru horiek zabaltzeko, ikastaro, tailer eta bestelakoen bidez.
Krisi hotsak entzuten dira batean eta bestean. Zer osasun du Mendik?
Guk ere nabaritu dugu, eta aurrekontuak jaitsiera handia izan du, %30 ingurukoa. Baina gainerako alor guztietan handitu egin da Mendi, zinemaldiaren kalitatean, batez ere. Hala ulertu dute zinemagile, mendizale eta zinemaldietako zuzendariek, eta ez zaigu zaila egin haiek erakartzea. Guk esatea akaso ez da zuzena, baina zinemaldien artean izena hartzen ari gara, erreferente bihurtzen.
Iaz 22 film lehiatu ziren sail ofizialean; aurten, berriz, 40 izango dira. Aurrekontu txikiagoarekin nola osatu duzue «programa osoagoa»?
Iazkoaren oihartzuna handia izan zen; bai Euskal Herrian, eta bai kanpoan, Espainian eta Herrialde Katalanetan, batez ere. Mendi Zinemaren Nazioarteko Batzarrean (IAMF) sartzea ere lagungarria izan da oso; harremanak egitea erraztu digu eta Mendiren izena nazioartera zabaltzea. Mendiko zinemaren alde lan egiteari ematen dio garrantzia IAMFk, ez etekin ekonomikoa bilatzeari, eta horren aldeko esparruak sortzen ari gara kide garen 20 zinemaldiak.
Zer-nolako filmak hautatu dituzue?
Aniztasuna handia da. Hainbat sari banatzen ditugu, eta horren arabera, denetariko filmak aukeratzen ditugu. Sari bakoitzerako oso film onak daude, eta aurrekontua jaitsi dugun arren, sariak handitu egin ditugu. Ahalegin handia eskatu digu, baina garbi genuen zinemaldi bateko protagonistak zinemagileak direla. Gure ospea ez da garrantzitsuena; Mendi zinemaldia plataforma edo erakusleiho bat baino ez da.
Mendizalea izan behar al da filmekin gozatzeko?
Erraza da mendizalea ez denari amua jartzea. Batetik, estetikoki irudi ikusgarriak dituztelako pelikulek, eta, bestetik, istorio sakonak dituztelako atzean. Mendia dute agertokia, baina kontatzen dutena harago doa; gidoi landua dute, ez dira mendi bat igotzearen kontakizun soila.
Mendiko zinema azken horrekin lotzeko joera al dugu?
Eta ez da horrela. Naturaren babesa aldarrikatzen duten pelikulak badira, eta horien artean Arditan gomendatuko nuke. Zoragarria iruditu zait, eta euskal herritar orok ikusi beharko luke: gure iragana, oraina eta, zoritxarrez, etorkizun hurbil batean galduko den istorioa biltzen du. Eskoletan ikasleei erakutsi beharko litzaiekeen dokumentala da. Beste herrietako hizkuntza eta pentsaerak ezagutzeko modua ere badago: Bosnia eta Herzegovinako pelikula bat, Ukrainako beste bat...
Nola dago mendi zinemaren ekoizpena Euskal Herrian?
Industria txikia dago Euskal Herrian, baina badu bere lekua. Telebistak jaramon gutxi egiten dio mendiari; bertako mendizaleren batek zerbait handia egiten duenean, eta zenbaitetan hain handia ez denean ere, soilik eskaintzen dio arreta. Mendiari buruzko produkzioak oso gutxi landu dira.
Alorra indartzen saiatu al zarete?
Ekoiztetxe eta errealizadoreak animatzeko ahalegina egin dugu eta emaitza agerikoa izan da: iaz arte lan gutxi jasotzen genituen, eta kalitatean kanpokoen mailarik ez zuten. Aurten, berriz, etxeko 13 lan jaso ditugu, eta haietako 9 izango dira zinemaldian. Ikus-entzunezkoen mundua justu antzean dabil, telebistek ez dietelako lekurik egiten, eta uste dugu ikus-entzuleak badaudela .
Jabi Baraiazarra. Mendi zinemaldiko zuzendaria
«Erreferente bihurtzen ari gara nazioartean»
Aurrekontua jaitsi arren, kalitatean gora egin du Mendik, Jabi Baraiazarraren hitzetan. Iazko ekitaldiaren oihartzuna eta zinemaldia Nazioarteko Batzarrean sartu izana lagungarriak izan dituztela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu