EUROPA

Erreforma garaiak datoz hainbat irrati eta telebista publikotan

Europako Batasunak finantzaketa sistema berrikus dezatela eskatu die estatu handienei

urtzi urkizu
DONOSTIA
2005eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Teknologia analogikotik digitalerako jauzian trantsizio uneak izan dituzte Europako irrati eta telebista publiko garrantzitsuenek. Europako Batasunak finantzaketa mekanismo eta funtzioak alda ditzatela eskatu die, besteak beste, Alemania, Frantzia, Italia eta Espainiari. Dena dela, estatu bakoitzean egoera oso ezberdina da:



ALEMANIA

Kanon handia eta iragarki gutxi





Europako Batasunak adierazi du operadore publikoen ekimen komertzialek merkatuaren arauetara egokitu behar dutela. Hala, ARD eta ZDF kateei espediente bat ireki die EBk. Alemaniak du, ordea, Europako telebista publikorik indartsuena. Telebista aparailu jabe bakoitzak hilean 16,15 euoko kanona ordaintzen du eta horri esker aurrekontu handia dute. Zerbitzu publikoaren kontzeptua oso barneratuta dute; filmetan ez dute iragarkirik ematen eta publizitatea soilik 20:00ak baino lehen emititzen dute. Gainera, unean uneko gobernua kritikatzen dute maiz albistegietan.



ESPAINIA

Jakintsuen Batzordea





Espainiako Gobernuak EBri iragarri dio RTVEren mugarik gabeko abala kenduko duela eta hainbat erreforma egingo dituela. Erreforma horiek Jakintsuen Batzordeak eginiko txostenean egongo dira oinarrituta. Gobernuak 7.500 miloi euroko zorra gain har dezala eta aurrekontuaren erdia estatuak jartzea proposatzen dute. Espainian ez dago kanonik eta oraingoz ez dute halakorik jarriko.



ERRESUMA BATUA

Audientziagatik borrokatzeari uko





Joan den astean aurkeztutako Liburu Berdearen arabera, BBCk ez du audientziagatik borrokatu behar eta zerbitzu publikoari eman behar dio lehentasuna. Herritarrei kobratzen dieten kanona beste hamar urtez mantenduko dutela iragarri du kultura ministroak (urtean 3.000 miloi euro jasotzen dituzte modu horretan). Bestetik, BBC kontrolatu eta kudeatzen duten gobernadoreak administrazio kontseilu berri eta batzorde independente baten truke ordezkatuko dituztela iragarri du Erresuma Batuko Gobernuak.



ITALIA

Pribatizazio bidean





2005. urtea amaitu baino lehen RAIren kapitalaren heren bat pribatizatuko dute. Gainera, burtsan akzio paketeak aterako dituzte datozen hilabeteetan. Irrati eta telebista publikoa pribatizatuko dituzten arren, 2016. urtera arte herritarrei kanona kobratzen jarraituko dute (urtean 97 euro). Une honetan, RAIko administrazio kontseiluan Berlusconiren koalizioko kideak baino ez daude; oposizioko ordezkariek kargua utzi zuten.



FRANTZIA

Ikus-entzunezko Kontseiluaren menpe





Ikus-entzunezko Kontseiluak izendatzen ditu zuzendariak, banatzen ditu frekuentziak eta jartzen ditu isunak. Frantziako Kontu Auzitegiak, bestetik, telebista publikoaren finantzaketan aldaketak egitea proposatu zuen joan den astean. Herritarrei kobratzen zaien kanona (urtean 116,5 euro) handitzea edo asmoak murriztea gomendatu du. TV5 eta Arte kateak finantzatzea ere kritikatu du Kontu Auzitegiak. Frantziako Gobernuak, aldiz, kanona ez duela handituko adierazi du. Kate batzuetan aurrekontuaren %35-45 artean publizitatetik lortzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.