Errege opil erraldoi gosez

Munduko elkartasunezko errege opil handiena banatu dute Bilboko Plaza Barrian, 7.000 erraziotan banaturik; irabaziak haurrak laguntzeko programetara bideratuko dira.

Bilbon egindako opila 30 metro luze eta hiru metro zabal zen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Munduko elkartasun errege opil handiena probatzeko gosez zeuden atzo Bilboko Plaza Barrira joan zirenak. Izan ere, urtero legez, 30 metro luze eta hiru metro zabal zen opila banatu zuten bertan, 7.000 errazio baino gehiagotan zatiturik. Ekimena Haur behartsuen alde elkarrekin lelopean egin zen, irabaziak Caritas elkarteari emango baitzaizkio.

2.450 kilogramoko errege opila babesteko haima erraldoi bat jarri zuten plazan. Guztira, 30 okin ibili ziren tarta egiteko lanean, eta beste horrenbeste, berau zatitu eta banatzen. Osagai kantitateak ere ez ziren edonolakoak izan. Denera, 1.930 kilo irin, 2.300 arrautza, 265 kilo azukre, 265 kilo gurin, 165 kilo fruitu eta 17 kilo gatz erabili behar izan zituzten. Opila Plaza Barriko erakusmahairaino garraiatzeko ere nahiko lan izan zuten, kamioi baten eta sistema modulatu berezien laguntza behar izan zen eta.

Bildutako dirua Bizkaiko Caritasek haurrentzat dituen programak finantzatzeko bideratuko da. Bizkaiko 400 haur dira programa horien onuradunak, hamazazpi proiekturen bitartez, gizarte eta hezkuntza laguntza jasotzen dutenak. Hain zuzen ere, egoera zailetan dauden Atxuri, San Anton eta Abusu inguruetako haurrak dira proiektu hauetan parte hartzen dutenak.

Herritarrek borondatea eman zuten opil zatien truke, eta ilara luzea itxaron nahi ez zuenak errege opil txikiagoak erosteko aukera izan zuen, zortzi eurotan. Guztira, antolatzaileek 6.000 euro inguru biltzea espero zuten.

Seigarren aldia da Bilbon Orio taldeak ekimen hau antolatzen duena. Ogigintzan aritzen den talde honek prestatu zuen errege opila. Gainera, Cafe Iruñak emandako 1.000 litro txokolate bero ere banatu ziren opil errazioekin batera. Zazpikaleetako merkatariek ere lagundu dute elkartasun ekimena antolatzen.

Errege opiletan ohikoa den bezala, honek ere, ezkutatutako sariak zituen barnean. Horrela, bere opil zatian zenbakidun fitxa aurkitzen zuenak jostailu bat eskuratu zuen: txirrinduak, jokoak, baloiak... ehun sari inguru banatu ziren haurren artean.

Jende mordoa eta pertsona ezagunak

Plaza Barrira gerturatu ziren milaka herritarrez gain, jende ezagun asko ikus zitekeen, Bilboko kirolari edo politikariak, besteak beste. Errege opil erraldoia mozten lehenak Iñaki Azkuna Bilboko alkatea eta Eduardo Gonzalez Orio taldeko lehendakaria izan ziren. Udaleko zinegotziak eta kirol munduko ordezkariak ere egon ziren bertan; Igor Anton txirrindularia eta Miguel Madariaga Euskaltel-Euskadiko ohorezko presidentea, esaterako.

Bilbotarrak erruz hurbildu ziren errege opil bila. Banaketa hamabiak arte hasi ez bazen ere, lehenagotik jende andana bildu zen opil zatia eskuratzeko itxaron beharreko ilaran. Eta, eguerdirako, opila bera baino askoz ere luzeagoa zen hori. Musikaz girotu zuten plaza, itxaronaldia eroangarriago egite aldera. Zahar eta gazte, denek gozatu ahal izan zuten Plaza Barrian banatutako txokolate eta errege opilaz. Gosari ederra urtea hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.