Behe Erdi Aroan Nafarroako erregeen egoitza bilakatu zen Erriberri. Baina, aurreko garaietatik populatua egon zen, eta bere garrantzia izan zuen. Hiriaren jatorria, Iruñearena bezala, K.a I. mendeko erromatar legioen oppidum batetik dator. Erromatarrek eraikitzen zituzten Oppidum-ak hiri gotortu edo militarrak ziren; tokiren bat edo bide estrategikoren bat defendatzeko eraikitzen zituzten. Erriberriren kasuan, Pompaelo (Iruñea)-Caesaraugusta (Zaragoza) galtzada erromatarra babestea zuen helburu oppidum-ak.
Erromatarrek sortu zutenetik, ez dago Erriberriri buruzko aipamenik testuetan; arkeologiari esker ikusi izan da hurrengo bost mendeetako bilakaera gorabeheratsua. Inguruko erromatar kokagune guztiek ere bilakaera bera izan zuten. VII. mendean, ordea, Isidoro Sevillakoak aipatzen du bere testuetan Suintila errege bisigodoak Erriberri okupatu eta harresitu zuela, baskoien aurka borrokatzen ari zenean. Erromatar eta bisigodoen garaiko harresi zatiak egun ikusten ahal dira Rua erromatarra eta Tafallako atea deituriko tokien inguruetan.
Bisigodoen ondoren, musulmanak penintsulara etorri zirenean, Banu-Qasi Tutera inguruko leinuak han ezarri zuen kristau eta musulmanen arteko muga. Iruñeko erreinuak, lehenik, eta gero, Nafarroakoak birkonkistari ekin zion, eta XII. mendean, Ebroko haran osoa okupatu zuten erreinu kristauek. Orduan, Erriberri Nafarroako erreinuaren eskuetara pasa zen.
ERRIBERRIREN GORALDIA. XIII. mendearen hasieran, Antso VII.a hil ondoren, Nafarroako errege leinuaren aldaketa izan zen, eta Frantziako erresumatik etorritako hainbat noble familien eskuetatik pasa zen erreinua. Champaña, Capeto, Evreux, Foix eta Albret errege leinuak. Evreux familiako errege batek, Karlos III.ak, Erriberri erabat aldatu zuen. Haren erregealdian, eliza, komentu eta jauregiz bete zen hiria. Baina, egitasmorik handiena, bertako erromatar jatorrizko gaztelu zaharra zaharberritzea izan zen.
Frantziako arkitektura estilo gotikoak aintzat hartuta, ikaragarrizko gaztelu-jauregia eraikitzea bultzatu zuen. Gaztelu berriak garai ezberdinetan eraikitako egiturak gorde zituen; horietaz baliatuz eraiki zuten berria. Zatirik zaharrena, egungo Estatuaren goi mailako hotela dena zen, eta gero, zati berriak atxiki zizkioten, oin ez erregularreko gaztelu bat osatu arte.
Gazteluak hainbat dorre eta eraikin hartzen ditu. Helburu militarrak eta artistikoak kontuan hartu zituzten eraikitzaileek; gazteluaren barruan hainbat arkudun galeria eta lorategi eraiki baitzioten. Gaztelua erregearen bizitokia izan behar zenez, ahalik eta erosoena izateko eraiki zuten. Baina, Erdi Aroa bortizkeriaz betetako garaia zenez, erregea babesteko, harresi eta dorre sendoak eraiki zizkioten gazteluari. Egun, oraindik, zutik daudenak.
SANTA MARIA ELIZA. Erriberriko gazteluaren ekialdeko aldean, Santa Maria eliza dago, eta eliza gazteluari atxikita dago. Elizak XIV. mende hasieran eraikitako atari ikusgarri bat dauka. Ataria gotiko estilokoa da, eta apaindutako friso handi batek inguratzen du ate nagusia. Lan ikaragarri hori hainbat eskulangilek egin zuten, harria lantzeko estiloan, Parisko Notre Dame eskulangile-lantegien eragina ikusten dute adituek. Garai hartan, Nafarroako errege familia berriak Frantziatik etorri zirenez, arrunta izaten zen hainbat herrialdetako eskulangileak errege berarentzat lanean ibiltzea. Elizaren bultzatzaileak Joana I.a Nafarroako erregina eta haren senar Frantziako Felipe Ederra izan ziren.
ERRIBeRRIKo GIDa
Nola iritsi. Lehenik, Iruñera iritsi behar da, eta han A-15 autobia eta autopista hartu behar da. Errepide hori hartuta, Tafalla pasatuta atera behar da, Erriberriko sarreran, hain zuzen. Autobia ordaindu nahi ez dutenentzat, N-121 errepidea hartu behar da Iruñetik, eta errepidea Erriberritik pasatzen da. Gaztelua aurkitzeko ez dago arazorik urrundik ikusten baitira dorreak eta harresiak.
Non lo egin. Gartzia Ramirez Hotela (Erriberri). Tel.:948-74 13 00. La Joyosa Guarda Hotela (Erriberri). Tel.: 948-74 1 3 03. Erriberriko Merindadea Hotela (Erriberri). Tel.: 948-74 0 7 35. ZanitoEtxea (Erriberri). Tel.: 948-74 00 02. Hospederia Ciudad de Olite (Erriberri). Tel.: 948-74 13 03. Erriberriko Estatuaren goi mailako hotela (Erriberri). Tel.: 948-74 00 00.
Non jan. Casa del Preboste jatetxea (Erriberri). Tel. :948-71 22 50. Zanito jatetxea (Erriberri). Tel.: 948-74 00 02. Ducay jatetxea (Erriberri). Tel.: 948-74 13 00. Erri Berri jatetxe eta sagardotegia (Erriberri). Tel.: 619 -29 13 31. Gambarte jatetxea (Erriberri). Tel.: 948-74 01 39.
Besta nagusiak. Santakruzak herriko jai nagusiak (irailaren 13tik 19ra). Erdi Aroko bestak (abuztuko 26a baino lehenagoko asteburuan). Mahatsaren besta (irailaren lehenengo hamabostaldian).
Informazio gehiago izateko. Erriberriko Turismo Bulegoa. Tel.: 948-74 17 03. Erriberriko Errege Jauregia: 948-74 00 35. Bisita gidatuak jakiteko. Tel.: 948-71 22 72.
Enoturismoa Erriberrin
Enoturismoa egiteko aukera berriak daude Erriberrin eta Nafarroa erdialdeko Erriberri inguruko herrietan. Ardoaren Ibilbideak Nafarroan egitasmoaren barruan, ardo ustiakuntzaren eta dastatzearen inguruan hainbat jarduera prestatu dituzte egitasmoaren bultzatzaileek. Erriberrin, adibidez, Marco Real eta Señor de Andion upeltegietan ardoa egiteko prozesu osoa erakusten diete bertara agertzen diren bisitariei. Beste aukera bat da Erriberriko Mahasti eta Ardoaren Museoa ikustea.Museoan, ardoak historian izan duen garrantzia ikusteaz gain, ardoa ustiatzeko hainbat prozesu antzinako ikusten ahal dira.
Erriberriko jatetxeek, gainera, bertako ardoen kartak ematen dituzte bazkaltzeko orduan, nahi den ardoarekin jan ahal izateko.