Mohamed Graiaa. Aktorea eta zinemagilea

«Erregimenaren buru ohiak berriz kolorez aldatuko diren beldur gara tunisiarrok»

L' Atelier D arte kolektiboak zuzenean hartu du parte Tunisiako iraultzan, eta esperientzia horretan oinarrituriko 'TN Pipol' performancea aurkeztuko dute asteburuan Irunen eta Arrasaten.

Edu Lartzanguren.
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Mohamed Graiaa (Tunis, 1971) Tunisiako aktore ezagunenetako bat da (La tendresse du loup, 2006), eta L'enfant roi animazio film luzea zuzendu du. L'Atelier D arte taldeko kidea da, Ainara Lopez dantzariarekin eta beste musikari eta bideoartistarekin batera. Abenduan eta urtarrilean Tunisian izandako iraultzan parte hartu zuten zuzenean. Horretan oinarrituriko TN Pipol performancea aurkeztuko dute asteburuan Gipuzkoan: gaur, 19:00etan, Irunen, Kabigorrin, eta bihar, ordu berean, Arrasateko kultur etxean.

Zertan da L'Atelier D taldea?

Elkar sarri elkartzen diren artisten taldea da. Instalazioak eta performanceak egiten ditugu, gai zehatz baten inguruan. Metropolis egin genuen, Fritz Langen filmaren inguruan. Oraingoan, larrialdiko gai bat aukeratu dugu,Tunisian gertatu den iraultzarengatik. TN People epopei bat da, opera bat, poesia, musika eta bideoarekin. Ez da analisi bat edo gertaeren azalpen politiko bat. Nola bizi izan dugun kontatzen dugu, sentitu duguna iraultzaren harira.

Nola hartu duzue parte Tunisiako iraultzan?

Denok hartu dugu parte zuzenean, baita Ainarak, tunisiarra izan ez arren. Okupazioetan izan gara, argazkiak egin eta zabaldu ditugu. Urtarrilaren 14an jende guztiarekin izan ginen manifestazioetan. Polizia jazarri zitzaigun, batez ere argazkiengatik. Atxilotu gintuzten, zortzi orduz. Auzoetako batzordeetako kide izan ginen sistema erori zenean...

Nolakoak ziren artisten lan baldintzak Ben Aliren gobernupean?

Zaila zen gure jarduera. Ez genuen ezkutuan lan egiten, baina ez genuen inongo harremanik agintariekin, ez zuzena ez eta zeharkakoa. Erakinak edo biltegiak alokatu behar genituen geure instalazioak edo performanceak egin ahal izateko. Gobernuz kanpoko erakundeekin lan egiten genuen. Gaiak ere arazo ziren, ezin genuen libreki hitz egin: metaforak erabili behar genituen, gizartearen egunerokoaz hitz egin ahal izateko.

Eta oso bestelakoak dira baldintzak iraultzaren ondoren?

Oraingoz bai. Iraultzak aukera eman digu orain arte tabu ziren gaiak lantzeko. Lehen aldiz, ikuskizun bat eman ahal izan dugu zentsura batzorde batetik pasatu gabe, sakabanatu dituztelako.

Ez duzue beldurrik euforia iraultzailearen ontzia egunerokotasunaren harkaitzakjota hondora dadin, Maiakovskiri gertatu bezala?

Oraingoz, kalea bizirik dago Tunisian, mugimendua dago, irakiten dago gizartea. Ez da amaitu, beraz. Trantsizio erregimenean gaude, hauteskundeen zain. Jende guztiak ikusten du orain atzera ez egiteko unea dela. Beldur gara, bai, tunisiarrok erregimenaren agintari ohiak ez ote diren berriz kolorez aldatuko, eta hau beste zer edo zer bihurtuko, boltxebismoaren, integrismoaren, edo kapitalismo totalitarioaren aldera.

Tunisian eman duzue TN Pipol, eta orain Euskal Herrian arituko zarete. Egipton egingo al duzue?

Egiptora joateko asmoa badugu. Han ere gaurkotasun handikoa baita gaia. Lana ondo ulertuko dela uste dut, eta, gainera, beste paisaia bat emango diogu.

Eta iraultza oraindik egin ez duten inguruko beste herrialdeetan?

Guk ez dugu arazorik. Ez gara politikariak, baizik eta gai baten inguruan hitz egiten dugun artistak. Marokora edo Aljeriara joateko prest gaude, baina ez dut uste utziko digutenik, jendea mugi ez dakien.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.