Hamaika herrialdetako futbol taldeek Donostia inguratu dute. Urdina, gorria, horia eta edozein kolorekoa dela ere, Donosti Cup txapelketan parte hartzen ari diren taldeak txandal ofiziala soinean dutela ari dira hiria ezagutzen. Mugimendu koloretsua eman diote bost kontinenteetatik etorri diren 337 futbol taldeek Gipuzkoako hiriburuari.
Astelehenean hasi zen, eta larunbatean bukatuko da Donosti Cup, hogei urte bete berri dituen nazioarteko futbol txapelketa. Kirolaren Espainiako Saria eta Urrezko Danborra jaso dituen txapelketatik milaka taldetan banatutako 50.000 jokalari inguru igaro dira jada. Aurten, gainera, marka berria ezarri du, bost kontinenteetatik etorritako 337 talderekin; horien artean, 70 dira emakumezkoek osatuak. «Txapelketa txiki bat sortzea zen ideia; lehen urtean hiru herrialdetako 32 taldek baino ez zuten izena eman. Iñigo Olaizola txapelketako zuzendariak ikusi zuen gaur egun txapelketa dena sortzeko aukera, eta lan handia eginez lortu da maila horretara iristea», adierazi du Aitor Castejonek, antolatzaileetako batek.
Lehen egunean, adin guztietako jokalariak ibili ziren argazki ofiziala atera eta lehen norgehiagoka jokatzeko gogoz. Futbola aitzakiatzat hartuz, kultura eta hizkuntza askotako neska-mutilak elkartu ziren Anoetako estadio txikiaren inguruan. Behin argazki ofiziala atera eta bakarren batzuk lehen partida jokatu zutenean, 6.500 parte hartzaile inguruk sabela betetzeko prest zegoen bazkaria dastatzeko aukera izan zuten. «Zazpi urte daramatzat txapelketa honetara etortzen; begirune handia diot, oso ondo antolatuta dagoelako», esan du Fernando Palomares Lugo-Fuenlabradako entrenatzaileak.
India, Irak eta Saharako taldeak etorri izana da aurtengo berri garrantzitsuenetako bat. Hiru talde horiek ekartzeak esfortzu handia eskatu dio antolakuntzari, ez baita batere erraza izan bisak lortzea. «Oso zaila izan da; paperak lortzeko tramite asko egin behar izan ditugu. Duela hilabete batzuk hasi ginen helburu hori lortzeko lanean, eta azkenean egia bihurtu da. Oso pozik gaude Saharako, Indiako eta Irakeko haur horiek Donostia ezagutu eta futbolera jokatzeko aukera izango dutelako», aitortu du Castejonek. Talde horiek txapelketan egoteak, gainera, dimentsio sozial eta kultural handia ematen dio, kiroltasunetik haratago.
Emakumezkoen futbola izan da aurtengo beste berri garrantzitsuena. Euskal Herri osoan, batez ere Gipuzkoan, emakumezkoen futbolak garapena oso nabaria izan du. Eta horrek, noski, eragina izan du txapelketako parte hartzaile kopuruan. Añorga, Mariño, Oiartzun, Itxaurdi, Hernani eta Urnieta taldeek, besteak beste, edukiko dute emakumezkoen ordezkaritza. «Gero eta gehiago dira txikitatik futbolean egiten duten neskatxak, eta asko nabaritu da. Donosti Cupek emakumezkoetan duen maila altuenean hamar talde daude, eta horietatik zazpi dira Euskal Herrikoak», esan du Castejonek.
Baina, ez du soilik Euskal Herrian izan garapena; emakumezkoen futbola mundu mailan ere aurrera doa, eta horren froga dira Alemania, Frantzia, Norvegia, Espainia, Brasil, Bolivia, Australia eta Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako taldeak. «Esperientzia zirraragarri bat delako eman dugu izena. Txapelketa honen bidez, nire abilezia pertsonala eta taldearekin dudan lana sendotu eta hobetu nahi nuke», esan du Lucyk, Australiako Coerver Select taldeko jokalariak.
Nazioarteko txapelketak, hala ere, ez du futbol txapelketa arrunt bat izatea bilatzen. Lehiaketa bat izateaz gain, kultura eta hizkuntza desberdinak uztartzeko lekua ere bada. «Garrantzitsuena jokalariak beste kultura bat duten jokalariekin harremanetan jartzea da, elkarbizitzea, beste taldeek dituzten ohiturak ezagutzea… Atzo Senegalgo eta Alcorcongo bi talderekin egon ziren, eta oso ondo pasa zuten; polita da ikustea hizkuntza desberdinak dituzten jokalarien artean keinu bidez ulertzeko duten gaitasuna», esan du C.D. Calderoneko entrenatzaileak.
Txapelketak hamazazpi egoitza izango ditu. Orio eta Astigarragako zelaiak gehitu dira aurten; Zubieta, berriz, txapelketako egoitza nagusi bilakatu da, sei zelairekin. Horrez gain, nazioarteko kutsu handiagoa emateko, atzerriko arbitroak etorri dira Donostiara: Kroazia, Kanada eta Ingalaterratik; hala ere, bertakoak izango dira gehienak.
Jokalariek, futbol partidez gain, beste hainbat ekimenetan parte hartzeko aukera izango dute. Gaur, kontzertuak eta DJak izango dituzte, eta bihar, Txuri-Urdin izotz jauregian, diskofesta eta karaokea. Horrez gain, entrenatzaileen arteko norgehiagokak ere antolatu dituzte.
Ezarian. Donosti Cup
Errekor berria 20. urteurrenean
Donosti Cup txapelketak kultura eta hizkuntza desberdinez bete du Donostia; bost kontinenteetatik etorritako 337 taldek mugimendu koloretsua eman diote hiriburuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu