San Prudentzio jaiei ekiteko lehendabiziko deia egin zuten atzo Plaza Berrian, 20:00etan. Udal Folklore Akademiak udaletxeko balkoitik egindako erretretarekin jaietan ondo pasatzera gonbidatu zituen gasteiztarrak.
Udaletxetik Arabako Aldundiko balkoira egin zuten jauzi tronpeta jotzaile eta atabalariak.Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko atabalari eta tronpeta jotzaileak izan ziren erretreta jotzeko arduradunak.
Probintzia plazako balkoietara 21:00etan atera ziren musikariak, eta ordubetez jo zuten pieza. Erretreta deien artean Garikoitz & Furundarena eta Folkon Indarra Dantza Taldearen dantza saioekin gozatu ahal izan zuten hara bertaratu zirenek.
San Prudentzio bezperan ohikoa den legez, danbor hotsek hartu zuten Arabako hiriburua. Aldundiak danborradarako diru laguntzak kentzeak ekarri zuen ika-mikak azkenean ez zituen danborrak isilarazi, eta sardexka eta koilara erraldoiak eskuan, sukaldariz jantzita, 400 lagun inguru aritu ziren gaueko danborradan. Danborrari jo aurretik, baina, elkarte gastronomikoetan bildu ziren festazaleak indarrak hartzera. Barraskiloz betetako kazolak eta perretxikoak izan ziren afariko jaki nagusiak. Erretretaren aurreko orduetan nabaria zen mugimendua hiriko elkarte gastronomikoetako sukalde eta jangeletan.
Egun handia, gaur
Goizean goiz hasiko dute eguna gaur gasteiztar festazaleek. Gaurkoa baita, izan ere, egun handia: San Prudentzio eguna. Probintzia plazan Araba zortzikoa eskainiko du txistulari eta tronpeta jotzaile bandak, 09:00etan. Eguerdian, berriz, Biznietos de Celedon taldeak danborrada berezi batekin girotuko du hiria.
San Prudentzio festako gune nagusia, baina, Armentiako zelaietan izango da. Arabako zaindariaren eguna da San Prudentzio. Usadioari jarraiki, meza eta prozesioa egingo dituzte goizean, eta aurreskuarekin emango diote amaiera erlijio ekitaldiei.
Eguraldi txarra iragarri badute ere, jende andana espero dute gerturatzea Armentia inguruetara. Erroskillak eta taloak erosi eta dastatzeko aukera bikaina izango dute bertaratzen direnek.
Dantza eta herri kirol emanaldiak izango dira zelaian. Arabako Dantzarien Biltzarra eta Armentia ikastolako dantza taldea ikusi ahal izango dira Armentiako zelaietan, 12:00etan. Herri kirolen erakustaldia 12:30ean izango da. Eusko Label txapelketa jokatuko dute. Han izango dira goi mailako urrezko aizkolariak. Harri-jasotzaileek ere ez dute hutsik egingo. Jon Atxaren erakustaldia ikusi ahal izango da.
Musika ere oso present izango da Armentian. Sukar taldeak emanaldia eskainiko du 18:00etan. Emanaldi horrekin emango diote amaiera zelaietako ospakizunari, eta erdigunera itzuliko da jaia.
Haurren txanda iritsiko da arratsaldean. 18:00etan, Dona Otxanda dorretxetik abiatuko da haur danborrada.
David de Jorge sukaldari eta Robin Food telebista saioko aurkezleak ez ditu sanprudentzioak galduko. Plaza Berrian izango da gaur, Radio Vitoriak egin ohi duen txokolate janean. Gozozale amorratua dela erakutsiko du oraingoan ere sukaldariak, eta marka berri bat hausten saiatuko da: munduko pastel errusiar handiena egingo du. Arabako Gozogile eta Pastelgile Elkartearen laguntza izango du balentria hori egiteko. 18:00etan ikusi ahalko da ea marka ezartzea lortzen duen sukaldari ezagunak. Ondoren, hara biltzen direnen artean jango dute munduko pastel errusiar handiena izan daitekeena.
Ospakizunak, baina, ez dira asteburuarekin bukatuko. Asteartean, Estibalizko Andre Mariaren festak ospatuko dituzte arabarrek.
Jaiak
Erretretak esnatu ditu
Erretretarekin bat hasi dira San Prudentzio jaiak; Armentiako zelaia izango da festen gune nagusia gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu