Erretzaileen aliatu berriak

Tabakoaren aurkako legea indarrean sartu zenetik, ostalari asko gasezko berogailuak eta mantak erabiltzen hasi dira euren terrazetan, erretzaileek hotzik pasa ez dezaten.

Bezeroek begi onez hartu dituzte terrazetan jarritako berogailuak. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Tabernako barra utzi eta kalera irten behar izan dute erretzaile askok urte hasieratik. Hego Euskal Herrian tabakoaren kontrako legea indarrean jarri zenetik, kez hustu dira taberna eta jatetxeak, eta ostalariek neurri berriak martxan jarri behar izan dituzte kaleraerretzera ateratzen diren bezeroek hotzik pasa ez dezaten. Tenperatura baxuei aurre egiteko erremedioa, oraingoz, gasezko berogailuetan eta mantetan aurkitu dute ostalari askok. Neguankafea edo garagardoa hartu bitartean zigarroa xurgatu nahi dutenek eskertu egin dituzte ekimen berriak.

Danimarkara egindako bidaia batean ikusi zuen Ihintza Soretek hango tabernetako terrazetan mantak erabiltzen zituztela hotzari aurre egiteko. Ideia «izugarri gustatu» eta Euskal Herrira ekartzea otu zitzaion. Hori dela eta, Irungo (Gipuzkoa) Oky Doky jatetxean duela hainbat hilabete ikus daitezke kolore askotariko mantak terrazako aulkien gainean. Bezeroek begi onez hartu dute ekimena, are gehiago taberna barruan erretzea debekatuta dagoenetik. «Bezero asko kanpora joaten dira erretzera, eta izugarri eskertzen dute manta bat izatea freskatzen duenean. Detaile bat dela diote», dio Soretek. Erretzaileak hotzetik babesteko bestelako neurriak hartzea ez dute baztertzen Oky Doky-koek: «Euriaz, haizeaz eta hotzaz babesteko gunea prestatu nahiko genuke, baina horretarako udalaren oniritzia behar dugu».

Berogailuen babespean

Mantak ez ezik, terrazak, lorategiak, ataripeak, afaltegiak eta patioak berotzeko sortutako gasezko berogailuakere erretzaileen aliatu berri bilakatu dira. Taberna aurrealdean edo terrazetan ikus daitezke txanpinoi itxura duten tramankuluak, han eta hemen, kaleko txokoak berotzen.

Taberna askok tabakoaren kontrako legea indarrean sartu aurretik erabiltzen zituzten berogailu horiek. Hala, duela urte batzuk egindako inbertsioa errentagarri izaten ari zaiela aitortu dute Gasteizko Alde Zaharreko La Malquerida tabernakoek. Bi berogailu paratu dituzte taberna aurrean, eta pozik daude emaitzarekin, bezeroak «gustura» daudelako, Arrate Alonso zerbitzariak azaldu duenez. Erretzaileek hotzikpasatzen ez dutela dio: «Berogailua indartsua da, eta gertu jartzen bazara, erre egiten du!». Gainera, Alde Zaharreko kale estuek babestutako taberna izaki, haizeak garrak amatatzeko arriskurik ez dutela dio.

Gasteizko muinoan dagoen Falerina tabernakoentzat ere soluzioa da halako berogailuak kanpoaldean paratzea. Lorategi handi batek inguratutako taberna denez, probetxu handia ateratzen ari dira sei berogailuei, Amaia Paule zerbitzariaren esanetan: «Jendetza handia biltzen da kanpoan, eta giro ederra dago, askok bazkaldu eta guzti egiten dute kalean. Taberna barruan, berriz, eromena da hainbeste haurrekin». Erretzaile direnei eta ez direnei egonaldia ahalik eta atseginen egitea da tabernako jabeen filosofia, eta badirudi helburua lortzen ari direla: «Debekuaren aurretik zetorren jende bera dator orain, kanpoan gustura egoten direlako berogailuen berotasunean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.