Ez, ez dit batere graziarik egiten egin behar dudana egiteak. Baina orok muga bat dauka eta bukatu da fandangoa. Honezkero jakin beharko zenukete ezen, onean, ogi puska naizela. Baina txarrean…
Susmoa nuen, hala ere, horrelako zerbait egingo zenidatela. Are gehiago; zalantzak izan nituen, bai, ekainean oporretara joango nintzela lau haizetara bota nuenean, ezagun baita katurik ez dagoen etxean saguek majo egiten dutela dantza. Baina azkenean fidatu egin nintzen. Eskua eskaini nizuen eta zuek, alprojak halakoak, besoa hartu didazue. Errua nirea da, jakina. Baina ez zait, ez, gehiagotan gertatuko, ez horixe!
Eta ez begiratu aurpegi horrekin, oraingo honetan begirada triste horrek ez baitizue ezertarako balioko. Uda osoa pasa duzue potrojorran, dantzan, festaz festa eta parrandaz parranda, baina hori guztia bukatu da. Kitto! Bu-ka-tu-da!
Beraz, has zaitezte denok lanean.
Angela, zuk hormetako zor publiko hori guztia garbitu derrepentean. Nikolas, zuk bildu itzazu puskatu dituzuen merkatu guztien zatiak. Jose Luis, zuk lagun iezaiozu Papandreuri bere gelako funtzionario guztiak garbitzen, eta gero egin gauza bera zurean. Jean Claude, zuk jaitsi armairuaren gaineko interes tipo horiek inork min hartu baino lehen. Eta zuk, Silvio, sikiera erabilitako kondoiak jasoko bazenitu…
Ai ene! Europa bat utzi nizuen eta a zer txandrioa aurkitu dudan bueltan!
Denok zigortuta! Ez zarete kalera aterako ni jubilatu arte…
Maratila
Errieta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu