Nafarroaren konkistaren 500. urteurrenaren egitarauaren barruan, 1512-2012 Nafarroa Bizirik mugimenduak hainbat ekitaldi antolatu ditu Iruñean. Goizetik hasi eta eguerdira bitartean ibilaldiak, hitzaldiak, azoka, herri kirolak, bertso saioa eta herri bazkaria egingo dituzte hiriburuko hainbat tokitan. Bazkariaren ondotik, 17:30ean, martxa nazionala abiatuko da Antoniutti parketik Gazteluko plazaraino.
Aldarrikapen eguna zezen plazan bukatuko da: 20:00etatik aurrera, musika jaialdi bat eginen da bertan. Jaialdian, hainbat talde izango dira: Barricada, Su Ta Gar, Vendetta eta Goienetxe Anaiak. Sarrerak Internet bidez eskura daitezke, hamabi euroan (www.bizirik2012.net webgunean). Leihatilan hamabost euroko prezioa izango dute.
Barricada taldeak bizirik leloa bere egin lezake. Izan ere, iaz kontzertuak emateari utzi ostean, bere jarraitzaileekin elkartuko da berriz. Drogas abeslariak taldea utzi zuenetik egindako lehendabiziko lana kaleratu dute berriki: Flechas cardinales. Gaur aurkeztuko dute, Iruñean. Vendetta—Skalariak taldeko kide izandakoek osatua—eta Su Ta Gartaldeak ere bertan izango dira. Goienetxe Anaiak talde euskaldunak rap estiloa ekarriko du. Euskal Herriko herritar guztiei parte hartzera deitu diete antolatzaileek, «500 urte igaro eta gero, herri hau bizirik dagoela erakusteko».
NAFARROA BIZIRIK MUSIKA JAIALDIA
Noiz. Gaur, 20:00etan.
Non. Iruñeko zezen plazan.
Erritmo gogoz, Nafarroa bizirik
Barricada, Su Ta Gar, Vendetta eta Goienetxe Anaien kontzertua gaur, Iruñean, konkistaren 500. urtemugan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu