Osasuna. Adimen emozionala

Erritmoa edo melodia

2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Udazkena, ikasturte berriaren hasiera, agur oporrak… Guztia abiadan jartzen den honetan, ordutegiak edo ezinbestean ezarritako betebeharrak gure agendaren gidari bilakatzen dira berriro. Hala, kanpoko erritmoen harian bizi garela esan genezake; indar horiek antolatzen dutela gure bizitza, alegia.

Hori dela eta, tamalez, geure barruak eskatzen digun barne-melodia entzuteko gaitasuna galtzen dugu; hau da, betebeharrak ezinbestean bete behar diren arren, ezinbestekoa ez denaz, aukeratu dezakegunaz jabetzeko zentzumenaz ohartu ere ez garela egiten; badirudi guztia betebehar bilakatzen dela.

Bai, egia ukaezina da kanpoko baldintzek eragin handia dutela gugan; baina, benetan eta zintzoki pentsatuz, konturatzen al zara hainbat etahainbat egoeratan zuk zeuk ezartzen duzula zeure erritmo trinko hori? Ba al da zure eguneroko jardunean, zerbait aldatu edo egokitzeko aukera ematen dizun egoeraren bat? Nahiz eta agian jabetu ere ez egin? Nire kasuan, gaixoaldi bati esker, ezer egin gabe egoten ez nekiela konturatu nintzen. Pixkanaka bizkortzen ari nintzela, egitear nuen gauza mordoa zetorkidan gogora… baina, aldi berean, ezer egin gabe egoteko gogoak ere bere lekua eskatzen zuen. «Nolatan hainbesterainoko alferkeria?», zioen nire barneko nagusiak, ego-a deritzogun horrek. Eta denboraz, zera argitu zitzaidan: hori, alferkeria baino gehiago, automatismo moduan jokatzeari uzteko ahalegina zela. Neure barneko melodia entzuten hasi nintzela, ohean egoteak behartuta. Eskerrak gaixotasunari!

Eta zure kasuan, ba al duzu isilpean, mututurik dirauen melodiaren bat? Entzun eta erabaki, beraz!
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.