Urte osoan Artikutza ezagutzeko egun bakarra izango da gaurkoa. Nafarroako Goizuetako lurretan dago parkea, eta itxita egon ohi da ia urte osoan, abuztuaren 28an ezik. Urtero, Artikutzako parkea ireki egiten dute San Agustin eguna erromeria jendetsuarekin ospatzeko. Nafarroan badago ere, Artikutza Donostiako Udalarena da. Hiriak 1919. urtean eskuratu zuen, etxeetara ura eramateko. Gaur egun, parke naturala da, eta, udalaren erabakiz, ibilgailuei itxia egoten da urte guzian, abuztuaren 28a izan ezik.
Urtero bezala, hamaiketan meza egingo dute baselizan, erromeriari hasiera emateko. Mezaren ondoren, hainbat ekitaldi antolatu dituzte San Agustin ermitaren inguruko zelaietan, hala nola pilota partidak, bertsolariak, herri kirolak eta musika.
Artikutza parkearen sarreran, inguruko natur ondarea azaltzen duen taula dago, 4,5 kilometro luze den ibilbidea egiteko argibideekin. Garai batean trenak egiten zuen bidea da, hain zuzen ere. Orain Donostiarena izan arren,Artikutza elizarena izan zen. Burdinolako langileak bizi ziren bertan, eta San Agustin egunean ordaindu behar izaten zuten. Handik sortu zen erromeria egiteko ohitura. Parkearen inguruan ez dira biztanle asko bizi, baina urtero bostehun lagun baino gehiago joan ohi dira San Agustin eguna ospatzera.
ARTIKUTZAKO ERROMERIA
Noiz. Gaur, egun osoan.
Non. Artikutza parkean, Goizuetan, (Nafarroa).
Erromeria Artikutzan
San Agustin eguna ospatzeko, Artikutzako parkea irekiko dute gaur guztientzat, urtero bezala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu