Erromeria prest da herritarrak dantza giroan murgiltzeko

Larunbateko Erromeria Egunean, dantzariak, musikariak eta talogileak egongo dira Errenteriako kaleetanHan izango da Aiko taldea: musika eta dantza tradizionalak zabaltzen ditu

Lau urte daramatzate Ereintza Dantza Taldeko neskek Erromeria Egunean herritarrei sokadantza eskaintzen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Errenteria
2011ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Euskal dantza eta euskal musika uztarturik, herritarrak protagonista bihurtuko dira Errenteriako XIII. Erromeria Egunean (Gipuzkoa). Larunbatean parte hartzeko gonbita egin dute Ereintza Dantza Taldeak eta Errenteriako Udalak.

Herri dantzei eta erromeria giroari bultzada bat emateko ekin zioten Erromeria Eguna antolatzeari, 1999an. Apurka-apurka, aurrerapausuak eman eta jaialdia sendotzen ari da.

«Gure kulturaren barnean, dantzak funtzio soziala ere badu: jendearen parte hartzea eta harremanak bultzatzea», adierazi du Jon Maia antolakuntzako kide eta dantzariak.

Egun osoan ibiliko dira hainbat musika talde herritarrak alaitzen. Haien artean, Alkarkide txaranga; lehenengo urtetik erromeriaren egitarauan lekua izan du.

«Dantza talde batetik ateratako txaranga garenez, gure musika dantzaren alorrean oinarrituta dago. Horregatik, lehen urtean etortzeko gonbita egin zigutenean, ez genuen zalantzarik izan», esan du Imanol Esnaola Alkarkide txarangako kideetako batek.

Jauziak izan ohi dira dantza ohikoenak, horregatik, Alkarkide txarangak aurretik galduak zeuden jauzien doinuak berreskuratu eta oraindik sortu gabekoak ere asmatzen ditu, urtero-urtero.

10:00etan hasiko da Erromeria Eguna, dianarekin, herriko kaleetan zehar. Ondoren, hamaiketakoa egingo dute Esmalteria plazan —Koldo Mitxelena plaza ere esaten zaio—. 12:00etan, kalez kalekoari ekingo diote, musikariek eta dantzariek lagunduta, herriko kaleetatik. 13:15ean, neskatxen sokadantza hasiko da, Zumardian.

Orain lau urte eman zen pausoa. Sokadantza izan da, bai Gipuzkoan eta bai Euskal Herrian, dantza sozial esanguratsuenetako bat; baina, gehienbat gizonen dantza moduan gorde da. Hala ere, nesken soka dantzak ere badaude, eta hori berreskuratzeko pauso garrantzitsua eman zuen orain lau urte Ereintza Dantza taldeak. Herritarrek ez zekiten nesken sokadantza bazegoenik ere. «Oso berezia da guretzat neskatxen sokadantza, protagonista bihurtzen garelako», adierazi du Ereintza dantza taldeko neska batek.

14:30ean herri bazkaria egingo dute Esmalteria plazan. Aurreko urteetan ez bezala, aurten herriko plaza batean egitea erabaki dute. «Orain arte kiroldegian egin izan dugu, baina aurten Esmalteria edo Koldo Mitxelena plazan egingo dugu. Batetik, arkupeak ditu, eguraldi txarra egitekotan erabiltzeko, eta bestetik, askoz herrikoiagoa izango dela iruditzen zaigu, herri erdian baitago, ez kanpoaldean», esan du Peio Urreaga antolatzaileetako batek.

18:00etan, erromeria nagusia hasiko da. Zumardia, Leku Zarra eta Xabier Olaskoaga plaza izango dira gune garrantzitsuenak. Bukatzeko, 19:00etan, Aiko taldearen ekitaldia ikusi ahalko da Zumardian; talde horrek musika eta dantza tradizionala zabaltzen ditu.

Ikastaroak

Erromeria Egunaren helburu nagusienetakoa herritarrak dantzatzera eta parte hartzera bultzatzea izanik, Ereintza dantza taldeak euskal dantzaren oinarrizko pausoak ezagutzeko ikastaroak antolatu ditu.

Atzo hasi eta ostegunera arte iraungo dute ikastaroek, eta ez da beharrezkoa aurretik dantzen inguruan ezer jakitea. 19:00etan hasi eta 20:30ean bukatuko dira, eta Jon Kazabon eta Patxi Laborda izango dira irakasleak.

Izena eman edo informazio gehiago nahi izanez gero, [email protected] helbide elektronikoan egin daiteke kontsulta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.