Erromesen atsedenleku

Ohi baino bi hilabete lehenago ireki dute Iruñeko Alde Zaharreko Jesus eta Maria aterpetxea, Donejakue bidea egiten ari diren neguko erromesak hartzeko.

Iruñea
2011ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Ohi baino bi hilabete lehenago zabaldu dute Jesus eta Maria aterpetxea, Donejakue bidea egiten duten erromesak hartzeko. Iruñeko Alde Zaharrean dago, eta orain arte Aste Santua iritsi arte itxirik egoten zen. Udaberrian eta udan baino erromes gutxiago dabilen arren, egunotan bada mugimendua bertan.

Compañia kaleko Jesus eta Maria aterpea XVI. mendeko eraikin batean dago, eta Eguberrietarako itxi zuten, berriro Aste Santuan zabaltzeko asmoarekin. Halere, eraikinaren jabe Iruñeko Udalak iritzia aldatu du, eta oporrak pasata zabaldu du. Hiriburutik igarotzen diren neguko erromesei beste sasoietakoei eskaintzen zaien harrera eta azpiegitura bera eman behar zaiela uste du udalak, eta horregatik erabaki du aterpetxea lehenago zabaltzea.

Aterpetxea Aspaceko ezinduekin lan egiten duen fundazioak kudeatzen du iragan martxotik. Txandaka lan egiten duten sei lagun arduratzen dira erromesei behar duten guztia emateaz. 12:00etan zabaltzen da, eta ez da 23:00ak arte ixten. Hurrengo egunean erromesek 09:00ak baino lehen utzi behar dute egoitza. Aterpetxeak hainbat baliabide eskaintzen dizkio erromesari: 112 ohe, ur beroko dutxak, sukaldea, egongela, arropa garbitzeko eta lehortzeko garbigailuak eta lehorgailuak, eta Internet erabiltzeko eremua. Bidaia bizikletaz egiten dutenentzat, horiek gortzeko eremua ere badu.

Udan baino gutxiago

Mari Carmen Urtea aterpeko arduradunak dioenez, neguan erromes gutxiago ibiltzen da udaberrian eta udan baino, eta gehiago dira atzerrikoak bertakoak baino. Ohiturak ere ezberdinak dituzte. «Udan erromesa goiz iristen da; oso goiz altxatzen da beroa ez nozitzeko. Neguan, aldiz, askoz ere beranduago ailegatzen da; etorri izan zaizkigu arratsaldeko zazpietan», gaineratu du. Guztien lehen helburua atseden hartzea da. Behin hori eginda, gehienek non jan eta eros daitekeen edo ikusteko zer dagoen jakin nahi izaten dute.

Igandean zabaldu zutenetik izan dute erromesen joan-etorria. Herenegun sei lagunek hartu zuten ostatu. Horien artean zeuden Julia Stubbe eta Franzkiska Mathese alemaniar gazteak. Biak08:00etan bideari berriro ekiteko prest zeuden. Donibane Garazin hasi zuten bidaia, eta handik Santiagoraino (Galizia) dauden 775 kilometroak hilabete batean egitea espero dute. «Negua aukeratu dugu bidea egiteko, orain opor luzeak genituelako. Aukera bakarra zen biak elkarrekin etortzeko. Udan, gainera, bidea egitea nekezagoa da, bero handia egiten duelako». Hainbeste kilometro oinez egiteko arrazoiei buruz galdetuta, asko dituztela zioten: «Jainkoan dugun sinesmena, eta geure buruaz ikastera etorri gara. Gogoeta egiteko parada bikaina da bidea. Egun osoan oinez zoaz, zeure buruarekin bakarrizketan, eta paisaia ere ederra da oso».

Ana Rivas eta Manuel Martinez bikote katalana alemaniarren atzetik abiatu zen Gareserako bidean. Ostalaritzan lan egiten dutelako aukeratu dute negua bidaiatzeko. Dena dela, bidea egiten iaioak dira, bost aldiz egin baitute, bizikletaz; lehenengo aldia da oinez egiten dutena. «Gustuko dugu. Asko ematen digu: lasaitasuna, bakardadea, pentsatzeko denbora... eta kirola ere egiten dugu», zioten umoretsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.