euskara

Erronkariko zapore eta doinua, 'uskaraz'

Erronkariko gazta sor-markak komunikazio kanpaina berria prestatu du, eta publizitate bideoan eskualdeko euskalkia erabili du. [youtube]https://youtu.be/pxeQqNFkL-c[/youtube]

2015eko azaroaren 3a
19:18
Entzun

Egudiar, ttun-ttun, onki xin, matto bero bat, lurta... Hori da euskarak Erronkarin izan duen doinua. Fidela Bernat izan zen erronkariera ama hizkuntza zuen azkenengo herritarra, baina 1992an hil zen. Orain, doinu horiek berreskuratu dituzte publizitate kanpaina bat egiteko. Erronkariko gazta sor-markak antolatutako komunikazio kanpaina eskualdeko euskaraz egin baitute. Bideoa Belaguan, Erronkarin, Burgin eta Izaban grabatu dute, eta bertako paisaia, hizkuntza, ohiturak eta jendea agertu nahi izan dituzte.

Gaur goizean aurkeztu dute kanpaina. Isabel Elizalde Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio departamentuko kontseilariak azaldu du kanpainaren zergatia: “Gazta sustatu ahal izateko, hau da, eroslearen gogoan kokatzeko, haren historia kontatzea falta zitzaigun, gaztaren atzean zer dagoen: pertsonak, zaindutako paisaiak, gure mendi eta basamortuetara egokitutako arrazak eta egiteko moduak”.

Erronkariko gazta zabaldu ez ezik, hizkuntza bera ere berpiztu egin dute bideoarekin. Gaizka Aranguren Labrit Multimedia enpresako kideak antolatu du kanpaina, eta hark azaldu du euskalkia zergatik aukeratu duten: “Kanpainan tipo eta estereotipoekin jokatu dugu: Erronkari ibarraren iruditeriarekin, bertako herritarren izaerarekin, artzaintzaren milurteko presentziarekin eta luxuzko erreferente batekin: Erronkariko uskara”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.