Egun berezia izan zen atzokoa Burgin (Nafarroa). Arbasoen izana erakusteko eguna zen Erronkariko herrixkan. Almadien Eguna, alegia. Ospakizunak hogeita bost urte bete ditu. Aurreikusi bezala, 11:00etan abiatu ziren bi almadiak Ezka ibaian behera. Eguerdiko hamabiak eta laurden aldera ailegatu ziren Burgiko presara, ehunka lagun begira zirela.
Almadiazainak goizean goiz egin elkartu ziren. Izan ere, guztia behar bezala irtengo dela ziurtatua izatea gustatzen zaie. Irizpideak adostu, eta hamarretakoarekin indarrak hartu ondoren abiatu ziren bi almadiak. Ordubete baino gehiago behar izan zuten hiru kilometro baino gutxiagoko ibilbidea egiten. Ibaiak ur emari txikia zuen, gauean euria egin zuen arren. Ondorioz, presan egurrezko ohol pare bat jarri behar izan zituzten urak indar handiagoa izan zezan.
Zailtasunak zailtasun, inolako arazorik gabe jaitsi ziren bi almadiak presan behera. Une hori apur bat belztu zuen euri zaparradak. Hala ere, almadiazainek gogor heldu zioten lemari, eta, baten bat erortzekotan izan zen arren, ikusleen txalo artean eutsi zioten orekari. Jende andana bildu zen ibaiaren ertzetan, eskuetan aterkiak zituztela.
Lehen almadiak XIV. mendean abiatu ziren Erronkaritik. Inguruko basoetan moztutako enborrak garraiatzeko modu bakarra Ezka ibaian topatu zuten. Tortosaraino (Tarragona) iristen ziren askotan. Hala ere, garapenarekin batera iritsi zen Pirinioetako lanbidearen galbidea. 1952. urtean abiatu zen azken almadia Ezka ibaian behera. Urte luzez lanbidea ahaztuta egon ondoren, 1992an, Nafarroako Almadiazainen Elkartea sortu zuten hainbat lagunek. Urte horretan bertan egin zen, lehenengoz, Almadien Eguna Burgin.
Ordutik, urtero-urtero almadiazain gisara irten da Arturo Erlantz burgiarra. Jaia asko aldatu dela onartu du. Hala ere, garai hartan bizirik zeuden almadiazainek egindako ekarpena gogoratu du: «Jaiarekin hasi ginenean, oraindik, almadiazain dezente bizi ziren, eta, haiei esker, nahiko ongi ikasi genuen almadiak egiten». Pozik dago datozen belaunaldietakoek ere eutsi ahal izango diotelako usadioari.
Almadiak ostiralean abiatu ziren aurrenekoz. Bideko Amaren ermitatik Burgiko sarreran dagoen industrialderainoko bidea egin zuten. Une hori oso berezia izaten dela esan du Mikel Sanz Urizek. Bigarren urtea du aurtengoa almadiazain gisa. «Gaurko eguna [atzo] kanpotarrei begira egindakoa izaten da. Ostiralean herrikoak bakarrik egoten gara, eta horregatik izaten da horren berezia» adierazi du.
Omenaldi garaia
Jaitsieraz gain, beste hamaika ekitaldi izan ziren. Esaterako, Erronkari sor-markako gaztaren kanpainaren aurkezpena egin zuten. Horrekin batera, Almadiazainen elkarteak Julian Gaiarre abeslari erronkariarra eta Paris 365 jantoki soziala omendu zituen herri bazkarian, eta Urrezko Almadia saria eman zieten. Musikariaren izenean, hari eskainitako museoko kide batek jaso zuen garaikurra. Paris 365 jantokiaren izenean, berriz, Elena Garciak. Saria jasotzeaz gain, almadia batean joateko aukera ere izan zuen Garciak. Arazorik ez izateko adi entzun zituen almadiazain trebatuen gomendioak. «Niretzat, ohorea da almadian jaitsi ahal izatea. Gure lana aitortzeko modu berezia bezain polita da».
Almaginak
Erronkariren izana oroitzen
Ehunka lagun bildu dira Burgin (Nafarroa) Almadien Egunaren hogeita bosgarren aldian. Aurten Julian Gaiarre musikariak eta Paris 365 jantoki sozialak jaso dute Urrezko Almadia saria. Bideoa: almadiak prestatzen, bezperan (Argazki Press). [YouTube]https://youtu.be/u2DisVn85Fs[/YouTube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu