Gerizpean. Uda-pasa

Errota Eguna Ataunen

Ibilaldi gidatuak, tailerrak, erakusketak eta antigoaleko lanak antolatu dituzte larunbaterako Ataunen

Errotaren Egunaren harira, errota eta antigoaleko zerrategia jarriko dituzte martxan. IMANOL OTEGI/ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
2011ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Errota Eguna ospatuko dute larunbatean Ataungo Barandiaran museoan (Gipuzkoa). Egitarau zabala prestatu dute egun osorako, jarduera ugarirekin. Museora joaten den orok parte hartu ahal izango du horietan, doan. Gaztetxoentzako ekintza bereziak prestatu dituzte, hala nola eskulan tailerrak.

Errota eta antigoaleko zerrategia martxan jarriko dituzte, eta horien funtzionamendua ikusi ahalko da. Bisita gidatuak antolatuko dituzte, eta ogia egiteko prozesu osoa ikusteko aukera izango da. Halaber, mitologia eta lanbide zaharren ibilaldi gidatuak egingo dira, 09:00etan, San Martin plazatik abiatuta. Aldez aurretik izena eman beharko da ibilaldi gidatuetarako.

Barandiaran museoaren bisita gidatua 10:00etan hasiko da. Jarraian, 10:30ean, Errotatxo errota eta antigoaleko zerrategia martxan ipiniko dituzte. Ogia egiteko prozesu osoa erakutsiko dute bertan. 11:00etatik 14:00etara bitartean, haurrentzako eskulan tailerrak antolatuko dituzte. Karetak eta txapak egingo dituzte mitologia irudiekin.

Horrez gain, Barandiaran museoaren ateak zabalik egongo dira, bai goizez baita arratsaldez ere. 16:30ean Enirio-Aralar Mankomunitatea: 600 urte erakusketaren bisita gidatua eskainiko dute.

Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak eta Ataungo Udalak antolatu dute ekimena, Atauniker elkartearen lankidetzaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.