Astelehen gauean, beraz, abiatu zen Vaya semanita berria, edo berritua, edo berritu gisa saldu dutena. Ze, ados izango zarete, nola saldu duten, alajainkoa: azkenaldian gure telebista publikoan promozio kanpainarik izan bada, Cambio radical lelopean egin duten horrekin izan da. Gero, noski, errazago ulertzen da saioak astelehen gauean izan zuen emaitza: 167.000 ikusle batez beste; %15,4ko ikusle kuota, ETB2rena %7,5ekoa den arren. Saioaren azken bi urte eta erdiko daturik onenak. Baina ez gaitezen engaina: merituaren zati handi bat nobedadeak zuen, egindako promozioak bezainbat.
Ezen aldaketak, lehen kolpean, ez baitira hainbeste ere. Ez behintzat errotikoak. Gauza batzuk findu dituzte, egia da. Esaterako, esketxetan soilik oinarritzen da orain saioa, fikziozko pertsonaietan oinarritutako esketxetan, eta off-eko ahots batek egiten die trantsizioa. Horrek bizitasuna ematen dio saioari, eta nahiko formatu arina geratzen da azkenerako. Aldeko beste puntu bat da fikziozko pertsonaiak pantailaratzea, fikziozkoak soilik, eta horrek ematen dio arriskatzeko aukera, berritzekoa. Baina hemen lehengo herrenak errepikatzen dituztela iruditzen zait, estereotipoak oraino gehiegi darabiltzatela. Halere, niri atera didate —urri— irribarrea, lehengo Vaya semanita-ren aldean berria dena.
Gero, anekdota bi. Bata positiboa, bestea ez hainbeste. Positiboa: azkarrak dira Vaya semanita-ko hauek. Euskal literaturaren gorakada mediatikoa aprobetxatzeko, saio berrituaren hirugarren minuturako sartu dute une izarra, Beñat Sarasola eta Harkaitz Cano euskal letretako bollazoen bultañoa. Agerpen laburra izan zen, haien katxe altua dela medio. Baina espero dezagun azken aldia ez izatea eta halako agerraldi gehiago ematea.
Eta ez hain positiboa: Bilduko alkate gazteen inguruko parodia izan nahi zuen esketxak egiantzekotasun akats larri bat zeukan: ikurrinaren ondoan Hondarribiko bandera zegoen. Eta gauza jakina da Hondarribikoa dela Gipuzkoan EAJren eskuetan geratu den udal bakarretakoa (bide batez, nola demonio dute Vaya semanita-koek Hondarribiko bandera bat? Eskatu eta ematen dizute udalean? Saiatu egingo naiz, etxeko salan jartzeko).
Laburbilduz, saio finduagoa iruditu zait Vaya semanita ustez berritu hau. Zail ikusten dut, ordea, ikusle hau harrapatzea.
Komunikazioa. Ekografiak
Errotikoa edo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu