Ate-joka dator Esait Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldeak antolatutako mendi martxa. Uztailaren 28tik abuztuaren 4a bitartean Bidaxune eta Donostia lotuko dituzte ibiltariek mendiz mendi. Zeharkaldian parte hartu nahi dutenak garaiz dabiltza oraindik izena emateko, baina uztailaren 26a izango da azken eguna.
Esaitetik jakinarazi dutenez, bide onetik doa izen ematea. Dagoeneko 50 lagunek eman dute izena, eta ehun ibiltariko mugajarri dute. Parte hartu nahidutenek [email protected] helbidean eska dezakete informazioa, edo www.esait.org webgunean sartuta.
Selekzioen aldeko eguna
Hasierako ekitaldia Nafarroa Beherako Bidaxunen egingo dute, uztailaren 28an. Horixe dute zeharkaldiaren abiapuntua. Donostiara bidean Aiherran, Irisarrin, Donibane Garazin, Alduden, Arraiotzen, Igantzin eta Astigarragan bukatuko dituzte etapak, eta, azken egunean, Astigarragatik Donostiarako txangoa osatuko dute. Abuztuaren 4an iritsiko dira Donostiara, eta selekzioen aldeko festa eta aldarrikapen eguna egingo dute han. Datozen egunetan jakinaraziko dute egun horretarako prestatu duten egitaraua.
Aurtengoa 12. mendi martxa du Esaitek, eta urtez urte mendizale eta selekzioen aldeko kirolzaleen elkargunea izaten da. Egunean, batez beste, 7 eta 8 orduko txangoak egingo dituzte, 20 eta 30 kilometro artean ibiliz.
Esaiten mendi martxan parte hartzeko izen ematea azken txanpan da
Bidaxune eta Donostia lotuko dituzte ibiltariek zortzi etapatan; dagoeneko 50 lagunek eman dute izena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu