Alberto Zerain. Mendizalea

«Eskaladaren arrakasta ez da tontorrera iristea bakarrik»

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Hogeita hamar urtetik gorako eskarmentua du Alberto Zerainek mendian, eta azken urteak Himalayara begira egin ditu, hein handi batean. Abuztuan bete zituen 50 urte, baina sasoiari eusten diola berretsi zuen, asteartean, nola mendian hala mikrofono aurrean hizketan. Garraiolaria da ofizioz, eta mendizalea afizioz; gasteiztarrarekin egin zituen solastokiak azken urratsak.

Udan Pakistanen izan da Zerain, Txingu Arrietarekin. Nanga Parbat mendia Mazzeno ertz zorrotz eta luzea zeharkatuta igo nahi zuten. Asmo potoloa ezbairik gabe. Eguraldi txarra eta mendiaren baldintzak tarteko, ez zuten modurik izan ertza bera hasten den lekura iristeko. «Ertza oso luzea da, eta behetik ikusita tarte zorrotz asko ikusten zaizkio, baina egingarria dela uste dut. Dena dela, ertzera iristeak ere komeriak ditu, eta eguraldi oneko bost egun behintzat behar dira jarduera guztia osatzeko; guk ez genuen halakorik izan». Kinshofer bide arruntetik ere saiatu ziren Nanga Parbatera igotzen; baina elur kopuru handiek eta harri erorketek arriskutsu egiten zuten bidea.

Porrota al da tontorrera igo gabe itzultzea? Tontorrak bainoago bideak al du garrantzia? «Eskalatzaile batentzat ezin da porrota izan. Tontorrarekin jendeak pentsa dezake dena lortu dela, baina eskalada baten arrakasta ezin da izan gailurrera iristea bakarrik. Bakoitzak bere helburuak jartzen ditu, eta horiek lortzeko borrokatzea da garrantzitsua, eta gero etxera itzuli eta bizitakoa lagunekin eta gertukoekin partekatzea», egin zuen gogoeta Zerainek.

Hamalauko bildumarik ez

Himalayara 1993an joan zen lehenengoz Zerain, Everestera, eta zazpi zortzimilako igo ditu ordutik: Everest (1993),Makalu (1995), Lhotse (2001), G-I eta G-II (2006), K2 (2008) eta Kangchenjunga (2009). Hamalau zortzimilakoak igotzeko bide erditan legoke, baina gailur bilduma soila ez du inoiz helburu izan, eta bide hori baztertua duela esan zuen Zerainek.

Aldaketak ikusi ditu Himalayara joan zen lehen alditik, eta zortzimilako mendietan jarduera berritzailerik ikustea zaila dela deritzo: «Egiten dira jarduera politak, baina zaila da ekarpen berritzaileak egitea, arriskutsua eta gogorra delako. Errepikatzera mugatzen ari da zortzimilakoetan; gizarteak erosotasunera jo duen hein berean, belaunaldi gazteak ez ditut ikusten mendian sufritzeko eta arriskatzeko prest».

Goi mendian nork bere buruaren jabe izan behar duela nabarmendu zuen Zerainek, eta egoerei aurrea hartzen jakin behar duela mendizaleak. «Mendian ezusteak eta aurreikusi gabeko egoerak sortzen dira, baina intuizioak funtzionatu behar du, eta datorrenari aurrea hartzen jakin behar du mendizaleak. Ez da erraza, baina eskarmentuarekin intuizio hori garatu egiten da», esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.