Eskalan eraikita dago. Hatz txikiaren neurrikoak dira pertsonak, eta oin baten parekoak trenen bagoiak. Halere, erraldoia da Ubaldo Marcos iruindarrak eraiki duen maketa. 200 metro koadroko gainazala du, eta Europan moduluka eraikitako IG eskalako maketa handienetariko bat da. Eskuz eraiki du dena, baina hiru kamioi behar izaten ditu lana batetik bestera garraiatu ahal izateko. Hamabost urte eman ditu egunero hartan lanean, eta Iruñeko Baluarte jauregian jarri du orain ikusgai. Nafarroako Trenbideen Lagunen Elkarteak antolatu du maketa erakusketa, eta urtarrilaren 8ra arte izango da zabalik.
Txikitatik datorkio Marcosi trenekiko zaletasuna, eta handituz joan da denborarekin. «Umea nintzela, tren geltokitik gertu bizi ginen, eta aitak trenak nola pasatzen ziren ikustera eramaten ninduen Arrotxapea auzora; han piztu zitzaidan harra». Tren bat erosi zuen haztean, eta armairu gainean izan zuen denbora luzez, harik eta geldi eduki beharrean martxan eduki behar zuela erabaki zuen arte. Orduan hasi zen maketarekin; piezaz pieza, moduluz modulu, harik eta egungo maketatzarra sortu arte.
Artisautza lana da; eskala eta esku jolas bat. Baita diseinu eta asmaketa ariketa bat ere, ordea, eta Marcosek egindako azken piezetariko bat da horren froga: «Behin eta berriz izan nintzen Nafarroako Gobernuan Iruñean egitekoa diren abiadura handiko trenarentzako geltokiari buruz galdezka, baina ez didate sekula txintik ere esan. Nire gisa egitea erabaki nuen orduan, eta lurpeko geltoki bat asmatu dut harentzat». Eredu errealetan oinarrituta sortu ditu, halere, maketako gainontzeko geltoki guztiak, baita paisaia atontzeko erabili dituen zenbait elementu ere: Noaingo akueduktua, Ezkaba mendia, Iruñeko eraikin zaharrak...
Jolasa da haren helburua, eta horregatik egiten dio uko Marcosek ordenagailu bidez trenen ibilbideak programatzeari. «Egin nezake hori, noski, baina, orduan, ordenagailua jolastuko litzateke, eta ez ni, eta hori da niri gustatzen zaidana». Sei tren darabiltza maketan biraka.
Nostalgia eta erritmoa
Nostalgia puntu bat. Hori dute trenek. Baita lasaitasun moduko bat ere, Marcosen ustez. «Gero eta estres handiagoa sortzen du denak egun; abiadura baino ez da ikusten alde guztietan. Lehen, trenean sartu, eta beste erritmo batean bizi ziren, keak erabat zikintzen bazituen ere». Eta erritmo horren bila jotzen du Marcosek maketara. 50eko, 60ko eta 70eko hamarkadan daude girotuta maketako zatirik gehienak.
Terapeutikoa ere bada ariketa, dioenez. «Maiz heldu naiz etxera buruko minarekin, eta maketarekin pasa zait». Gurasoak ditu afizioaren sorburu, eta haiei eman behar azalpenak gero. «Amak maiz galdetzen zidan: 'Noiz demonio bukatuko duzu zure maketa hori?'. Erantzuna oso argia izaten zen beti: 'Bukatzen badut, kito naizen seinale'».
Eskalako handitasuna
Hamabost urte daramatza Ubaldo Marcos iruindarrak trenentzako maketa bat egiten, eta moduluka eraikitako Europako handienetarikoa da egun. Baluarten dago ikusgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu