Koro Muro. 'Negua ospatuz' liburu dokumentalaren egilea

«Eskea, txerri hilketa eta suarekin lotura duten ohiturak daude neguan»

Adrian Garcia.
Donostia
2010eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Koro Muro (Hernani, 1967) historialaria eta Euskomedia Fundazioko kidea da. Negua ospatuz liburu dokumentalaren egilea da. Urtaro horretan egiten diren festa, tradizio eta ohiturak aztertu ditu lanean.

Zertan aldatzen dira gure ohiturak neguan?

Gaur egungo gizartean uste dugu neguko hotza eta eguraldi txarra dela-eta etxean geratzen garela. Tradizioak eta ohiturak, baina, ezetz esaten digu. Asko ateratzen gara kantuan eta eskean, eta modu askotan mozorrotzen gara, izotza, elurra eta euria egin arren.

Negua ez al da orduan etxean familiarekin igarotzeko urtaroa?

Neguaren irudia etxean sutondoan egotearekin lotzen dugu. Baina, egia esan, neguan zer egin ohi den aztertzean, jai eta ospakizun askorekin topatzen gara. Beste garaiekin erlazionaturik dauden ohiturak daude, eskearekin, txerri hilketarekin eta suarekin lotuta daudenak. Ospakizun horiek etxetik kanpo egiten dira.

Neguko solstizioa iragartzen duen jairik ba al da Euskal Herrian?

Kristautasunak aspaldi mozorrotu ditu jai paganoak. Abenduaren 6ko San Nikolas ospakizuna San Nikolasen ohorez egiten da, baina neguko solstizioarekin du lotura. Erlijioak ospakizun paganoak hartu eta euren santu eta ospakizun erlijiosoekin bateratu zituen. Jendeak jai pagano horiek ospatzen jarraitzen zituenez, elizak beste kutsu bat eman nahi izan zien. Txerri hilketaren inguruan dauden jaiak ere, San Martin eta biharko [gaurko] San Tomas ere, solstizioarekin erlazionatuak daude. Gabonek ere solstizioarekin dute lotura.

Jateko ohituretan aldaketarik nabari al da neguan?

Egun, gutxiago. Ditugun merkatu eta hozkailuekin orain ez daukagu aldaketa handirik. Baina antzina dudarik gabe, neguan urtaro horretan zegoena eta udan jaso eta ondo egoten zena jaten zen. Hortik dator txerri hilketak pizten zuen jai giroa, ez baitzen ohikoa odolkiak jatea.



Olentzeroa da adibiderik garbiena. Orain ulertzen dugun moduan, Olentzero opariak ekartzen dizkigun ikazkina da. Baina, berez, Olentzero sua da. Olentzero, Gabonetan sutan jartzen zen enborra zen. Enbor horrek kutsu magikoa zuen, eta etxea babesten zuen. Enbor horien zatiak etxean egoten ziren urte osoan. Hori da, berez, Olentzero. Denboraren poderioz, adiera hori aldatzen joan da, eta ipuinak eta ikazkinaren kontua sortu dira. Baina Olentzero enborra eta su magikoa da.

Noiz sortu zen Olentzero?

XX. mendeko kontua da. Euskal Herri osoan baina batez ere Lesaka, Bera eta Bidasoko goiko aldean hasi zen adiera horrekin. Beti errazagoa izaten da pertsona batean irudikatzea gauza magiko bat, eta hortik sortu da menditik zetorren ikazkinaren irudia etaJesusen jaiotzaren berriemailea zela. Hor ere elizaren esku-sartzea nabari daiteke.

Gabonetan opariak egiteko ohiturak zer ikusirik al du neguarekin?

Opari ematea fenomeno oso berria da. Olentzeroren inguruan kantu eskeak egiten hasi zirenean, baserrietan eta etxeetan ez zuten ez dirurik ezta oparirik ematen. Sagarrak, gaztainak, pikuak, txorizo bateren bat… Horrelako jatekoak eskaintzen ziren. Gazteak eta umeak joaten ziren eskean, eta ondoren afaritxo bat egiten zuten. Gaur ezagutzen dugun opari emate hori oso berria da. Kontsumismoarekin eta kanpotik etorritako ohiturekin du zerikusi handiagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.