Jon Garañoren zuzendaritzapean Perurena dokumentalak argia ikusi berri du, eta bertan oso ongi islatzen dira Perurena aita-semeen arteko harremana eta lan ildoak.
Leitzan jaio ez bazina, zein lekutan jaiotzea gustatuko litzaizuke?
Areson, segidan Leitzara joateko.
Horrelako baserri eta ingurunean ohitutakoa zarenez, etsiko al zenuke kaleko etxe batean?
Bai, noski; hiri batean ez, baina herriko etxe batean bai.
Eskolan zer-nolako ikaslea zinen?
Oso txarra. Harri-jasotze munduan txuleta hitza asko entzuten da, eta nik ikasgai bat edo beste ere txuletei esker aprobatu nituen.
Etxean bost senide zarete, baina beti gizonezkoei buruz soilik hitz egiten da.
Amak hitz egiten duen guztiarekin denetik hitz egin behar da gure etxean.
Zenbat aldiz joan zara amarengana masajea emateko eskatzera? Eta txalekoak konpontzeko eskatzera?
Puf! Askotan, entrenamendu gogor baten ondoren masajeak beharrezkoak izaten dira, eta txaleko, galtza edo gerrikoko urratuak konpondu egin behar izaten dira, eta horretarako ezinbestekoa zait amaren laguntza.
Ez al litzateke ohikoagoa aitak Inaxio eta semeak Iñaki izena izatea?
Biok Inaxio dugu izena, baina aitari Iñaki deitzen hasi ziren, eta horrela gelditu da, baina etxean biak Inaxio gara.
Manu a Manu izeneko programan zuen aitak erakustaldi ederra eman zuen.
Bai, eta Manuk pertsona bat zein lotsagabea izan daitekeen ongi erakutsi zuen.
Lehen aldiz elkarrizketa bat gaztelaniaz egin zizutenean zer moduz sentitu zinen?
Bost urtetatik nabil harria jasotzen, eta oso gaztetatik egin izan dizkidate elkarrizketak. Ez naiz oroitzen gaztelaniazko lehenengo elkarrizketa noiz eta norako egin zidaten. Ziur nago arraro eta deseroso sentitu nintzela. Lehenik, erantzuna euskaraz etortzen da, eta ondoren, itzulpen azkar bat egin behar izaten da, eta gero, erantzun.
Gimnasioan hirurehun kilo baino gehiago jasotzen omen dituzu. Zenbat kilo? Eta zenbat ordu pasatzen dituzu egunero entrenatzen?
Zuk diozun bezainbestekoa balitz aldea… Eta hainbestetan jasoko banitu… Hirurehun kilokoarekin nahiko buruhauste badut kilo gehiago jarri gabe ere. Egunero entrenatzen naiz ordu eta erdi inguru.
Noiz egin zenuen azkeneko parranda?
Denbora asko da alde-aldeko parranda bat egin ez dudala. Itxurazko parrandaren bat egin beharra daukat pixka bat deskonektatzeko.
Noiz kantatu duzu zure azken bertsoa? Etxean inoiz egin al duzue bertsotan aita-semeek?
Erabat aritzen naiz bertsotan neure buruarekin, nik jarri puntua eta nik erantzun, nire kasa.
Xabier anaiak itzala egiten dizula uste al duzu?
Ez, Xabierrek bere bidea egiten du.
Aitak zure zein marka ez du inoiz hautsiko?
Garaiera. Inoiz ez da ni bezain garaia izango, kar-kar.
1'96 metro eta 132 kilo. Zuen etxean ba al da horrelako ganadurik?
Bai. Pixka bat mejoratuagoa gainera. Hark 133 kilo inguru ditu!
Zuen Peru-harri museoko eskulturak zuek eskuz eginak dira. Gustatuko al litzaizuke zure eskultura bat herriko plazan ikustea?
Ez litzaidake lotsagarria irudituko, egia esan. Hainbat herri eta hiritan ikusten ditudan eskultura batzuk, nire ikuspegitik behintzat, tristeagoak eta pobreagoak dira. Niri hala iruditzen zaizkit behintzat.
Perurena erreportajean une gogoangarriak azaltzen dira. Zer sentitu zenuen lehen aldiz erreportajea ikustean?
Eskertzekoa eta ederra da mutil edo zuzendari bati gure lana eta gure bizitza interesatzea, eta hori islatzekoeta jendaurrera eramateko intereseta gogo hori edukitzea estimatzekoa da.
Kontatuko al didazu Jon Garaño zuzendariari ezkutatu diozun zerbait?
Berari ez zaio ezer ezkutatu. Berak egin du ezkutatze edo gordetze lan hori: baserriko lanean ari ginela botatako birao edo juramentuak… Haserraldiak… kar-kar. Hori dokumentalean ez zen tokatzen, nonbait!
Txikiagoa bazina errezago jasoko al zenuke 300 kiloko harria?
300 kilo jasotzeko indarra behar da, baxuagoa edo altuagoa izan. Baxuagoa izango banintz balantzari kontra egiten lan gutxiago edukiko nuela garbi dago. Baina hankak ezin ditut moztu!
Etorkizunean seme-alabarik izaten baduzu ez omen diozu harria ez den beste jostailurik jarriko aldamenean. Berdin izango al du alaba edo semea izan?
Bai, gaur egun garbi geratu da neskek harria jasotzen lan ona egiteko gai direla eta hala egin izan dituztela orain arte. Beraz, zergatik ez?
Hona hemen motzean erantzuteko edo deskribatzeko sei hitz. Zer iradokitzen dizu bakoitzak?
Belodromoa: Handiegia
Asteasu: Gustuko plaza nahiz eta suerte gutxitxo eduki azken ahaleginean.
Leitza: Ederra!
Familia: Dena.
Kuadrila: Beti laguntzeko prest dagoena.
Errekorra: 300 kilo.
Inaxio Perurena Zubitur
«Eskertzekoa da guganako interesa izatea»
Urtarrilaren 10ean bete zituen 27 urte. Errekorra gauzatu nahian entrenatzen da egunero, eta aita izan du horretarako bidelagun nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu