MENDIA

Eskien arrastoan

Euskal Mendizale Federazioak aurkeztu du elur sasoirako prestatu duen egutegia. Lasterketa eta lehiaketetatik harago, mendiko eskian trebatu nahi dutenentzat Luz Ardidenen egonaldi bat antolatu dute abenduaren 18 eta 19rako.

2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Negu giroa aurreratu egin zaio urtaroari, eta zuriz jantzi dira inguruko mendi eta bazterrak. Elurraren esperoan ziren eskiatzaileek badute azken hilabeteetan gordetako eskiak atera, horiek behar bezala prestatu eta janzteko modua. Elur sasoia gerturatzearekin batera, Euskal Mendi Federazioaren (EMF) eski sailak aurkeztu du 2011rako prestatu duen egutegia. Azken urteetako bideari eutsi diote, bi helburu hartuta: kirola ezagutaraztea eta indartzea, batetik, eta gazteak trebatzea eta mendiko eskira erakartzea, bestetik. Izan ere, geroz eta gehiago dira mendia eta eskia uztartzen dituztenak, eta haiengana hurbildu nahi du EMFk.

Hurbiltze horretarako antolatu dute egonaldia Luz Ardidenen, abenduaren 18 eta 19rako. Mendian eskiatzeko nahiz lehiaketetan parte hartzeko baliagarriak diren teknikak erakutsiko dituzte egonaldi horretan, eta mendiko eskian sakondu nahi duen ororentzat da. «Zortzimilako mendietan ez ezik, euskaldunak mendiko eskian ere bagabiltza, eta nahiz etaKataluniako eta Andorrako kirolarien maila gurea baino dezente hobea izan, gure maila asko igo da azken urteetan, nola kantitatean hala kalitatean», azaldu du EMFren mendi eskiko saileko kide Aitor Muruak. Mendiko eskiak lasterketei dagokienean duen loraldia azaltzeko datu bat ere eman du Muruak: «Egun, 200 edo 300 kirolari elkar daitezke lasterketa batean, eta orain dela sei urte dozena bat baino ez ziren».

Luz Ardidenen egingo duten egonaldiaren baitan, III. Kronotoy lasterketa jokatuko da, hilaren 19an. «Eskiatzaile popularrei irekitakoa da, eta eski estazioan bertan eman behar da izena, kronoigoera hasi aurretik, 07:45 eta 08:15ak bitartean. Egonaldia interesgarria da mendiko eskian hasi bai, baina kirolean trebatu nahi dutenentzat», argitu du Muruak.

Mendiko eskia ez da lehiaketa bakarrik, ordea. Lasterketetan parte hartzen dutenen aldean, kopuru handiagoa baita eskiak hartu eta asteburuetan Pirinioetara joaten direnak. EMFko presidente Txomin Uriarte ausartu da zenbakien dantza horretan datu objektibo bat ematera: «Federatzen diren mendizaleen aseguru motak aztertuta ondoriozta daiteke federatuen laurdenak mendi eskian aritzen direla». EMFk 28.000 federatu dituela aintzat hartuta, sei edo zazpi mila lagun inguruko kopurua adierazten du.

Lasterketak eta selekzioa

Lehiaketari dagokionez, lau lasterketak osatuko dute Euskal Kopa: Altitoy Irekia -izen emateen kopuruak gainezka egin du, eta 500 eskiatzaileren muga bete da dagoeneko-, Challenge Luchon proba, Formigalgo zeharkaldia eta Andres Regil lasterketa. Horietan jokatuko dira, hain zuzen, Euskadiko Txapelketak ere: taldekakoa Altitoy Irekiarekin batera jokatuko da, banakakoa Luchongo proban, eta kronoigoera, berriz, Andres Regil sarian.

Selekzio moduko bat ere osatu du EMFk, bi taldetan banatuta. Nagusien taldea Izaskun Zubizarretak, Joseba Tobarrek eta Iban Letamendik osatuko dute, eta gazteena, berriz, Ander Garmendiak, Ander Sistiagak, Lide Leibarrek eta Jon Leibarrek. Aitor Murua da selekzioaren hautatzailea, eta Jokin Lizeaga arduratuko da prestaketaz. «Urritik ari gara lanean selekzioko kideekin, seriotasunez. Iaz hasi ginen teknifikazioa lantzen, eta emaitzak onak izan ziren. Bide horretan sakondu nahi dugu», azpimarratu du Muruak. Pirinioetan jokatuko diren probetan parte hartuko dute, eta munduko txapelketetan euskal selekzio gisa lehiatzea ezinezkoa den arren, Munduko Kopan aritzeko modua badela argitu du Muruak: «Euskal selekzio gisa parte har daiteke Kopan, eta hala nahi genuke». Aurrekontu falat dute, ordea, oztopo.

EMFren egutegia

EGONALDIA

Abenduak 18 eta 19. Mendiko eskian hasiak direnentzat,Luz Ardidenen. Argibideak: www.emf-fvm.com.

KOPA ETA TXAPELKETAK

Urtarrilak 29 eta 30. Altitoy Irekia. Taldekako Euskadiko txapelketa ere izango da. Argibideak: www.altitoy.com.

Otsailak 6. Challenge Luchon. Euskadiko buruz buruko txapelketa ere bada.

Martxoak 13. Pirinioak-Formigal zeharkaldia.

Apirilak 3. Andres Regil saria. Kopan puntuatzeko derrigorrezkoa da bertan parte hartzea. Euskadiko kronoigoera txapelketa jokatuko da. Argibideak: www.travesiaregil.com.



Argibide gehiagoEMFren webgunean: www.emf-fvm.com.

Izaskun Zubizarreta.Mendiko eskiatzailea

«Burua ez daukat lehiatzeko; mendiko eskiarekin gozatzeko asmoa dut»

E. Agirre.

Belauneko lesioak tarteko, hemezortzi hilabete egin ditu eskiak jantzi gabe Izaskun Zubizarretak (Oiartzun, 1970). Denbora luzez egon da geldirik, eta halakorik ez du berriz nahi. Azken asteetan elurretan ibiltzeko modua izan du, baina tentu handiz aritu da, jaitsieretan batez ere. Iazko etenaren ondoren, Euskal Mendizale Federazioak (EMF) prestatu duen selekzioan parte hartuko du, Joseba Tobar eta Iban Letamendirekin. Duela bi urte mendiko eskiko munduko txapelketetan parte hartzen aurreneko euskal eskiatzailea izan zen Zubizarreta, eta orain hori baztertu ez arren, nahiago du urratsez urrats joan.

Mendi eskiko denboraldia ate-joka dator. Zer moduz zaude?

Ongi nago, motibatuta, baina beldur handiarekin. Iaz hirugarren ebakuntza egin zidaten belaunean eta, entrenatzen gogotsu banabil ere, ez dut berriro lesionatu nahi -Donostiako maratoia korritzen ari zela hartu zuen min azkenekoz, 2009ko azaroan-. Burua ez daukat lehiaketetarako, eta pixkanaka joatea dut onena, eta mendiko eskiaz gozatzea.

Lehiatzeko bainoago, beraz, gozatzeko modua izango duzu aurten.

Hala uste dut. Lesioagatik geldirik egotea ez dut ongi eraman, eta ez dut berriz halakorik gertatzea nahi. Entrenatzen banabil, korrika eta bizikletan, baina lehiaketa beste gauza bat da. Pixkanaka joango naiz eta Espainiako kronoigoera txapelketara ongi iritsi nahi nuke -urtarrilean jokatuko da-. Kronoigoeretan maldan gora eskiatzen da, eta horri ez diot beldurrik; jaitsieretan ditut komeriak belaunekin. Konfiantza hartzen joan beharko dut pixkanaka.

Egunotan inguruko mendiak zuritu dituen arren, elurra ez dugu egunerokoa Euskal Herrian. Nola prestatu zara?

Muga handia izaten dugu hori, Kataluniako eta Andorrako eskiatzaileekin alderatuz gero, eta zer esanik ez Alpeetan bizi direnekin alderatuta. Korrika eta bizikletan ibilita entrenatzen naiz, batez ere. Irailean hasi nintzen mendira joaten, eta tarteka mendiko lasterketaren batean parte hartu dut, Beriaingo igoera bertikalean, adibidez. Dena dela, ez nago prest duela bi edo hiru urte egiten nuen moduan, astegunez jai egunak hartu eta bakarrik autoz Pirinioetara joateko entrenatzera. Akaso, eguraldi onarekin bai, baina ez dit konpentsatzen halako lanak hartzeak.

Mendiko eskiak indarra hartu du azken urteetan, baina emakumeak lehiaketetara eramatea kosta egiten da oraindik. Zer gertatzen da?

Ari dira gazteekin lanean, eta ea ateratzen diren aurrera. Hor daude Maria Leunda eta Lide Leibar, baina oraindik hasi baino ez dira egin. Ikasteko asko dute oraindik, normala denez, eta ea bide horretatik jarraitzen duten.

Mendiko eskira gazteak erakarri nahi ditu EMFk. Zer amu jarriko zenioke kirola ezagutzen ez duenari?

Neguan mendira joateko modurik gozagarriena dela. Mendizaletasunak indar handia du Euskal Herrian, eta udan mendira joaten garenean igotzen baino gehiago jaisten sufritzen dugula esan ohi dugu askotan. Bada, mendiko eskiak jaitsieretan gozatzeko modua ematen du, mendira oinez igotzea eta eskiekin irristatuz era azkar batean jaistea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.