Eskola Txikien Festaren 25. urtemuga, Larraulen

Eskola txikien mugimenduaren testigantza jasotzen duen dokumentala emango dute, bihar

Adrian Garcia.
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Larraulek ezin hobeki irudikatzen du Gipuzkoako landa eremuak biziberritzeko eginiko ahalegina. Badira 25 urte eskola txikien garrantzia aldarrikatzeko festa egiten dutela. Aurten Larraulen (Gipuzkoa) egingo dute eskola txikietako guraso eta ordezkariek, eskola txikien izana eta geroa ospatzeko. Bihar egingo dute festa, eta eskola txikien mugimendu osoak parte hartuko du. Beste eskola txiki asko bezala, gurasoen eta, oro har, herritarren ahaleginari esker atera dute aurrera Larraulgo eskola.

Egitarau zabala

Txupinazoarekin ekingo diote festari, 10:00etan. Jarraian, zortzi eta hamabi urte bitartekoentzako eskulanak prestatuko dituzte. Pirritx eta Porrotx Larraulen izango dira, eta umore ukitua jarriko diote festari. Ekitaldi nagusiaren ostean, 13:00etan, Euskolabel bazkaria egingo dute frontoian. Gorritiren animaliek ez dute hutsik egingo, eta Otsozabal gunean izango dira, 15:00etan. Musika, berriz, Kupela taldearen esku egongo da. Emanaldia egingo dute plazan, 17:00etan. Horrez gain, puzgarriak, Larraulgo eskola zaharrari buruzko erakusketa eta idiak gurdiarekin egongo dira egun osoan.

Eskola Txikien Festaren 25. urteurrena ospatzeko, eskola txikiei buruzko dokumentala egin dute. Larraulen bertan aurkeztuko dute lana. Bi emanaldi izango dira: 11:00etan eta 16:00etan.

Gipuzkoako eskola txikien mugimenduaren lekukotasuna jasotzen du dokumentalak. Eskola Txikietako Gurasoen Koordinakundeak egin du, Iñaki Alcalderen eskutik. Larraulgo eskolako gurasoa da Alcalde. Lanak off-eko ahotsik ez du, eta eskola txikietako hainbat kideri eginiko elkarrizketek ematen diote ahotsa. Gurasoek, irakasleek, ikasleek eta udal ordezkariek euren esperientzia kontatzen dute. Euskara hutsean egina dago, gaztelerazko eta ingelesezko azpidatziekin.

Ez da eskola txikien historiari buruzko lana, egungo errealitatea islatzen duena baizik. Eskola txikietan lana nola egiten duten ikus daiteke. Besteak beste, hiruhileko batean eginiko Energia eta kotxeak zientziako proiektuaren azterketa bat egiten du.

Borja Rodriguez Aizarnazabalgo eskola txikiko ikasle ohiak espresuki prestatu du musika ikus-entzunezkorako. AEBetako Los Angeles hirian bizi da Rodriguez, eta Hollywoodeko zinema industriarako musika egiten du. DVAa salgai jarriko da, eta www.eskolatxikiak.org webgunean eros daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.