ATZEKOZ AURRERA

Eskuek baretzen dute burua

Gabon Art eskulangile azoka ireki dute Bilbon. 53 postu ipini dituzte aurten, iaz halako bi baino gehiago. Bitxiak, kandelak, jostailuak eta diru zorroak eros daitezke bertan, besteak beste.

Nacho Pellon artisaua, pieza batean lauburu bat zizelkatzen. JON URBE / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2021eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Burua nekatuta neukan, eta eskuak erabili nahi nituen». Estresak, lanaren erritmo arinak eta aita izateak bultzatu zuten Nacho Pellon kantabriarra ingeniari lana uztera eta eskulangintza ogibide bihurtzera. Ordutik, zortzi urte daramatza artisau lanetan, eta lau Bilboko Gabon Art artisau azokara etortzen. Zurarekin egiten du lan, eta nagusiki puzzle kutxak egiten ditu. Familiatik datorkio zaletasuna, aitaitak ere zurezko gauzak egiten zituen eta. Japoniako, Kubako eta Budapesteko diseinuak egiteaz gain, berak propio asmatutakoak ere egiten ditu. Kantabriako labaruekin eta lauburuekin apaintzen ditu kutxak.

Pellonen arabera, bereak badu merkatua eta publikoa: «Udan eta Gabonetan azoketara joaten naiz, eta gainerakoan bezeroen enkarguak egiten ditut». Beste 52 posturen artean dago harena, Bilboko Areatzan.

Gorka Garrote bilbotarrak ere zurarekin lan egiten du. Eguzki loreak, lauburuak eta armarriak dauzka postuan. Batzuk ongietorria emateko piezak dira, eta beste batzuk, jakak eskegitzekoak. Altzari txikiak eta garaikurrak ere egiten ditu. Askotariko bezeroak dauzka, baina beherakada igarri du zenbait arlotan: «Pandemiak salmenta kopurua murriztu du. Partikularren enkarguak igo egin dira, baina enpresenak eta jaiekin zerikusia duten plakak eta garaikurrak, adibidez, nabarmen jaitsi dira». Hala ere, esan du erritmoa «berreskuratzen» ari dela.

Beherakada bera nabaritu zuen Sebastiao Alves Langa mozambiketarrak ere. Buruko zapiak, poltsak, maskarak eta batik-ak ari da saltzen, Mozambikeko koadro bereziak, kotoiz, argizariz eta anilinaz eginak. Kolore eta patroi deigarriak dituzte haren produktuek, eta horiek egiteko oihalak bere herrialdetik lortzen ditu. Hara doan bakoitzean, kilo pare bat ekartzen du, eta postuan daukan guztia berak egina da. Hala da Toñi Ramosen kasuan ere. «Hori da koxka: norberak egitea saltzen duena».

Mota askotako diru zorroak dauzka postuan, baina ez da gai azaltzeko zenbat denbora behar duen bat egiteko. «Prozesu luzea da: lehendabizi, ideia datorkizu; gero, diseinua egin behar duzu;hainbat proba egin eta txarto ateratzen bada, berriro hasi;eta, azkenik, egitea bera». Eta, dioenez, azken hori da errazena. «Aurrekoa egin eta gero, gainerakoa erraz egiten duzu». Pandemiaren ondorioz, salmentak gutxitu zaizkiola aitortu du, baina postua kalera atera ezin izanari egotzi dio. Haren hitzetan, beste leku batzuetan egin izan dituzte azokak, baina Bizkaian, ez. «Nik tailerra Bilbon daukat, baina ez merkataritza gune batean; beraz; azokak dira aukera bakarra», kexatu da.

Azokak eta ez-azokak

Gabon Art bertan behera utziko zuten beldur zen Bitxi Art postuko Alex Redondo. 2008tik doa emaztearekin Gabon Art azokaren aurretik egiten zen eskulangile azokara. Zilarrarekin eta harri erdibitxiekin lan egiten dute, belarritakoak, lepokoak eta eraztunak lantzen. «Espero dezagun egoerak hobera egingo duela», esan du, atzamarrak gurutzatuta.

Rosalia Fernandez Rodriguezek hirugarren urtea du. Jostailuak saltzen dituzten hiru postuetako bat du. Arte Ederrak ikasi eta jostailu «iraungarriak» eta «desberdinak» egiteko grinarekin abiarazi zuen proiektua, lagun batekin. Baikor hitz egin du:«Itzuli da betiko zurezko jostailuen inguruko interesa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.