Iragarkien aroa da honako hau. Horraino, ezer berririk ez. Iragarkiak, batez ere, jostailuenak. Ez naiz hasiko jostailu horien atzean dagoen filosofiarekin. Badago nondik tira: jostailu horien jatorria, sustatzen dituzten eredu eta balioak, sortzen dituztenek pairatzen dituzten lan baldintzak, oinarri-oinarrian daukaten kontsumismo itxurako joera, haiekiko dugun egiazko beharrizana... Egin nezake. Egingo dut tabernan. Eskaini didaten txoko honetan, txoko honi dagokion esparruari lotuko natzaio.
Hain zuzen, iragarki horiek telebistan ikusi eta izan dudan sentipenari so jarri nahi nuke. Eta hainbat handi-mandiren etika eta balioek —haien izaerari esker ulergarri zaizkidanak– ez lukete telebistan tokirik izan behar. Telebistak arau batzuk bete behar bailituzke, inork iragarkiak ematearren propio ordaindu arren.
Iragan astean ikusitako iragarki bat azaldu nahi dudan horren adibide ezin hobea da. Itsasontzi pirata ageri da uretan. Abentura irudikatzen du. Piratak mastan gora eta behera. Haurrak txoratzen, dagoeneko. Marka eta prezioaren hurbilketa ez zehatza jarraian. Eta letra txiki-txiki-txiki batzuk eskuin-ezker, abiadura bizian. Nik ere korrika egin behar izan nuen —eskuin-ezker, noski— guztia irakurri ahal izateko. Pena. Lortzear nengoela, komuneko atearekin egin nuen tupust.
Baina eskarmentuak beste maila bat eransten digunez, ausartu egingo naiz letra txiki horien mezua deszifratzen. Izango da prezioari BEZa gehitu behar zaiola; eta piratak ez doazela prezio horren barruan; eta mastak ere ez, agian; edo beren txikiari itsasontzi hori erosten ez dioten gurasoak infernura joango direla zuzenean. Zeinek daki. Eta ez da nire moteltasun eta nagikeriaren errua. Ez da komuneko atearena. Areago, ez da enpresa iragarlearena ere. Kate bakoitzaren errua ikusten dut nik joera horretan. Badirudi diruak ate guztiak ireki behar dituela. Ditzakeela. Hala da, maizegi. Ez luke behar, ordea. Eta ireki badu, erantzukizuna telebista kateena izango da, logikaz. Esango nuke azken urteetan debekatu dituzten iragarki ia guztiak pantailatik kentzeko arrazoia niretik oso urrun dagoela. Esango nuke, nire arrazoiak aplikatuz gero, aurten jostailu iragarki gutxi ikusiko genukeela. Eta, noski, haurrak tristatzea eta haserretzea ez dago ondo. Haien buruko osasunari kalte egitea, ordea...
Ekografiak. Jokin Labaien
Eskuin-ezker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu