Esnearen atzean dagoena

Esnearen Interpretazio Zentroa ireki dute Etxeberrin, eta hurbiltzen direnei esnegintzaren nondik norakoak hurbiletik ezagutzeko aukera eskaintzen diete, behitegian ere bisita gidatuak eginez.

Behitegian txahalei eta migei jaten emateko aukera dute bisitariek. LANDER FERNANDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Etxeberri
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Supermerkatuan erosi, etxera eraman, ontzia ireki, isuri eta edan. Hori da esnearen ibilbidea jende askorentzat. Sektore oso bat dago ekintza horren atzean, ordea: esnegintzarena. Eta hori da, hain zuzen ere, Lacturale etxeko esnegileek jendeari erakutsi nahi diotena. Etxera zuri, hotz eta ontziratuta heltzen den esnearen atzealdea. Behitegian hasi eta supermerkatuan bukatzen den beste ibilbide hori. Esnearen Interpretazio Zentroa izeneko etxea eraiki dute horretarako Etxeberrin (Nafarroa) duten ukuiluan, eta bisita gidatuak ere eskaintzen dituzte eskolentzako eta behitegi baten funtzionamendua ezagutu nahi duten guztientzako.

Oraingoan, 9 eta 10 urte arteko haurrak joan dira bisita egitera. Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolakoak (Nafarroa). Hogeita hamar baino gehiago bai, denak borobila osatuz eserita, eta denen erdian dago Ainhize Muraturi. Bera izango da gida. Galdera egin die: «Hemen diren animalia guztiak emeak dira, denak behiak. Ez dago arrik. Ea asmatzen duzuen zergatik». Erantzuna berehala dator. «Esnea, esnea!», oihukatu dute ume guztiek, oihukatu bitartean,hitz egiteko baimena eskatzeko eskua altxaz. Hasi da bisita.

Txahalak dira lehen geldialdia. «Eskolan bezala daude», azaltzen du Muraturik. «Adinaren arabera daude ordenatuta. Bi hilabetera artekoak daude lehen zatian, bitik laura artekoak bigarrenean, lau hilabetetik zortzira artekoak hirugarrenean, eta zortzitik hamarrera bitartekoak, azkenekoan». Ume gutxik egiten diote, ordea, kasu. Txahalei jaten eman diezaieketela esan die lehenago, eta horretan dabiltza. Pentsua hartu, eta ahora ematen diete. Berdin ariko dira migekin ere. «Migak? Zer dira migak?», galdetu dute haurrek. Muraturik du erantzuna: «Txekor izan gabe, oraindik erditu ez diren behiak».

Eta, azkenik, behiak datoz. «Hara ze errape kozkorrak!», haurrek. «Esnea emateko», Muraturik. Haien elikaduraz hitz egiten die, garbiketa sistemaz, adarrak erretzearen zergatiaz. «Robotak ikusiko ditugu orain», eta ahozabalik haurrak hitzarekin. Esnea jezteko makinez ari da Muraturi. Kasik guztiz automatikoak dira Etxeberriko ukuilukoak. Makinak bilatzen dizkio errapeak behiari, eta berak bakarrik jartzen dizkio. Behia da, gainera, makinaraino bere kasa joaten dena. «Behiak nahi duenean bakarrik jezten du makinak, eta bakoitzak daraman lepokoari esker jakiten du robotak zein den eta zenbat esne eman duen».

Ekoizpen bateratua

Ekoizpen bateratua da Etxeberriko ukuilukoa, baita Lacturale enpresako beste ukuiluetakoa ere. Lege zorrotzagoak bete behar ditu abeltzainak marka hori lortzeko. Adibidez, eurek ekoizten dute behiek jaten duten belar eta alpapa, eta ingurumen eta garbitasun errespetu-parametro zorrotzagoak bete behar dituzte. Hori da ukuiluaren ondoan egin duten Esnearen Interpretazio Zentroan bisitariei azaltzen zaiena. Esnea dastatu eta egurrezko behi bat jezteko aukera ere badute haurrek.

Lau milioi euroko gastua izan dute Etxeberrin berrikuntzak egiteko, eta 1,9 milioiko laguntza eman die Nafarroako Gobernuak. Bisitak doakoak dira, baina aurrez eskatu behar da txanda telefonoz. (0034) 948-60 04 49 zenbakira deitu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.